Bergarako eta Zarauzko ibilgailuen azterketa teknikoa (IAT) egiten duten zentroetako 55 langileek greba mugagabeari eutsiko diote, Itasua enpresarekin hitzarmen propioa adostu arte. Uztailaren 13an abiatu zuten protesta. Atzo, Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan ELAk eta LABek deitutako bileran negoziazioek ez zuten aurrera egin, ELAk salatu duenez, enpresak ez zuelako hobekuntzarik proposatu.
Sindikatuak azaldu duenez, Bergarako eta Zarauzko langileek urtean 133 ordu gehiago egiten dituzte Gipuzkoako gainerako IATetako langileek baino, eta urteko soldatan 2.000 eta 6.000 euro arteko aldea dago.
Desoreka hori ez dator bat, sindikatuaren iritziz, enpresaren emaitza ekonomikoekin. ELAk nabarmendu du Itasuaren jabeek sei milioi euro inguru banatu dituztela dibidenduetan azken urteetan. Herritarrek nahitaez erabili behar duten zerbitzu batek sortutako irabaziak langileen lan baldintzak hobetzeko ez erabiltzea kritikatu du.
Indarrean den grebarekin lotuta, berriz, adierazi du enpresa grebalarien lanpostuak kontratazio berriekin ordezkatzen ari dela, eta jokabide hori Lan Ikuskaritzan salatu duela.
Jaurlaritzari deia
Horiek hala, Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa eskatu du ELAk. Haren ustez, Jaurlaritzari dagokio IAT zerbitzuaren funtzionamendu egokia bermatzea eta kudeaketa irizpide ekonomiko hutsek baldintza ez dezaten zaintzea.
Gipuzkoan bost IAT zentro daude: Bergarakoa eta Zarauzkoa Itasuarenak dira; Irungoa, Urnietakoa eta Beasaingoa, berriz, Itevelesak kudeatzen ditu. Aurreneko bietan greban daudenez, zerbitzua murriztua dute, eta azterketa egin behar duten erabiltzaileak Gipuzkoako gainerako hiruretara eta gertuko lurraldeetakoetara jotzen ari dira.
Itasua enpresak Jundizen (Araba) ere badu zentro bat;Â hango langileen ordezkari batzuek enpresaren proposamena onartu dute 2026-2028rako, baina akordioak ez du ELAren eta LABen babesik.