CHARLES TOLLIVER ETA MARCUS MILLER
Lekua: Donostiako Trinitate plaza. Eguna: Uztailaren 25a.
1926an jaio ziren larunbatean omendu zituzten bi musikari aitzindariak. Iraultzaileak eta apartak biak ere. John Coltrane 45 urterekin zendu zen, eta egun ere saxoaren eta jazzaren garapenean gida saihetsezina dugu. Jotzeko eran erabilitako modo musikalak, eskalen eboluzioak eta abarrek maisu izugarri bihurtu zuten, eta, hura omentzeko, Tolliver jaunak laukote sendo bat eta Musikeneko musikariak izan zituen lagun. 84 urteko Tolliver jauna, berez tronpeta jolea dena, oraingo honetan big band baten zuzendari gisa agertu zitzaigun —Musikeneko ikasleek osaturikoa—. Oinez balantzaka eta agure itxurarekin sumatu bagenuen ere, berehala ikusi genuen burua argi, oso argi duela, eta besoetan eta eskuetan indar eta arintasun itzela dituela. Buruz dakizki orkestraren mugimenduak, eta kemen harrigarri batekin denak eraman zituen une zehatzetan beharrezkoa zen lekura eta beharrezkoa zen neurrian, olatu musikalak sortzeraino.
Camille Thurman, saxoekin, ezbairik gabeko protagonista izan genuen. Indar handiz etengabeko notak atera zizkien bai saxo tenorrari, bai sopranoari. New Yorkeko emakumeak abestu ere egiten du eta hori ere bikain. Tolliverren esku magikoak begiradatik kendu gabe, hunkituta eta gozatzen sumatu genituen Musikenekoak. Lan zorrotz eta exijentea zuten oraingo honetan, eta ondo baino hobeto bete zuten. Kromatismo eta energia handiko kontzertua izan genuen.
Miles Davis ere 1926an jaio zen, eta Donostiako Jazzaldian ikusi eta entzun genuen hiru bat aldiz, eta baita beste behin Gasteizko jazz jaialdian ere. Oraindik gogoan ditugu kontzertu horiek. 1991n zendu zen tronpetista handia. Marcus Millerrekin aritu zen taldeko musikari gehienak Davisen musikari kide izan ziren; izan ere, musikari gazteak erakartzen zituen Davisek, betiere bide berriak urratzeko egokiena zirudielako.
Miller baxu elektrikoarekin eta klarinete baxuarekin ikusi genuen oholtza gainean. Oraindik gazte itxurari eusten dio, eta grina eta sinpatia handiarekin azaldu zen Trinitate plazan. Hark hartu du taldea osatzeko ardura, Davisen giroak eta jazz rock indartsuaren erritmoak gaurkotzeko asmoarekin.
Musikari bikaina dugu Miller, teknika ikaragarria du, baxuarekin funk estiloaren erregea dugu, baina fusioa eta rhythm & bluesa ere aise ateratzen dira haren esku aparta horietatik. Davisekin urte pare bat igaro zituen, eta haren Tutu diskoaren ekoizlea ere izan zen.
Tronpeta bat behar genuen Davisi eskainitako kontzertu batean, nola ez! Eta ez dakit nondik, baina aukeratu duten tronpeta jolea, Russel Gunn, ezin hobea iruditu zitzaigun. Inprobisazioak aurrera eramateko erabilitako eskalek eta moduek, denak gogorarazten zuen maisu handiaren tronpeta. Mike Stern gitarra jotzailearen soloak ere indartsuak, arinak eta oso adierazgarriak izan ziren. Soinu sentikorra du haren gitarrak, eta kontraste ederra sortzen du Millerren baxuarekin. Zirrara eragin zuen soken arteko hatzen dantza miresgarrian. Musikari aparta eta oso originala dugu Stern jauna. Eta Bill Evans ere saxoekin zoragarri aritu zen, sortzaile eta nekaezin. Jazz fusioko saxo jolerik dotoreena eta adierazgarriena da. Solo bikainak entzun genizkion saxo tenorrarekin, eta bereziki sopranoa jo zuenean.
Kontzertu itzela izan zen, indartsua. Ikusleria dantzan egiteko gogoarekin sumatu genuen, baina lastima! Badirudi Jazzaldian dantza egitea beste garai bateko kontua dela.
Miller jauna, zure musika entzuteko hurrengo paradaren zain geratzen gara. Eskerrik asko larunbatekoagatik. Bikaina izan zen.