Donostia Eskuzaitzetako industria parkearekin lotzeko autobus linea abiaraziko dute

BU15 izena izango du, eta Mubil indartzeko hartu du neurria Gipukoako Foru Aldundiak. Gainera, diputatuek Mubil Business Center eraikitzeko obren lizitazioa ere onartu dute, eta urte amaieran hasiko dira lanak.

Lurraldebuseko autobus bat Donostiako geltokitik ateratzen, artxiboko irudi batean. FOKU
Lurraldebuseko autobus bat Donostiako geltokitik ateratzen, artxiboko irudi batean. FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko irailaren 8a
14:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskuzaitzetako industrialdean lan egiten dutenak Donostiatik autobusez joan ahalko dira lanera. Hain justu, Lurraldebusek beste autobus linea bat gehituko duela jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako hiriburua eta industria parkea lotuko dituena, Galarretatik (Hernani) igarota. Irail erdialdean hasiko dira zerbitzu hori eskaintzen, eta gutxienez urtebete iraungo du probaldiak.

Astelehenetik igandera emango dute zerbitzu hori, 05:00etatik 22:00etara. Gaur iragarri du hori Irune Berasaluze foru bozeramaileak, diputatuen kontseiluak hartu dituen erabakien berri emateko prentsaurrekoan. Nabarmendu du linea berri horri esker zerbitzu eta azpiegitura egokiak izango dituztela Mubilen ingurunea eta industria parke osoa garatzeko: «Urratsez urrats Gipuzkoako industria parkerik handiena izatera bideratuta dagoena finkatzen eta garatzen ari gara, Mubil Center etorkizuneko ekonomiaren eta berrikuntzaren ardatz gisa hartuta».

BU15 izena izango du linea berriak, eta, Berasaluzek azaldu duen moduan, Eskuzaitzetako ehunka langilek erabiliko dute. Gainera, Zubietako espetxe berria eta Realaren kirol instalazioak ere lotuko ditu autobus zerbitzuak.

Mubil indartzea

Gipuzkoako Foru Aldundiak Mubil indartzeko hartutako neurria izan da autobusa ipintzea, baina ez da neurri bakarra izan. Aurretik jakina bazen ere, gaur jakinarazi du diputatuen ordezkariak Mubil Business Centerren obraren lizitazioa onartu dela. 6,6 milioi euro jarriko dira proiektu horretarako, eta urte amaierarako hasiko dira zentroa eraikitzeko lanak. Aurreikusten da obrak hamazazpi hilabeteko epean amaituko direla.

Irune Berasaluze Gipuzkoako Gobernantza diputatua gaur, diputatuen kontseiluaren prentsaurrekoan. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Irune Berasaluze Gipuzkoako Gobernantza diputatua gaur, diputatuen kontseiluaren prentsaurrekoan. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

Eraikin berria Mubil Centerren ondoan egingo da, eta 4.500 metro koadro izango ditu. «Mubilek bere lehen urtean erakutsi du Gipuzkoan badugula Europako erreferente bihurtzeko gaitasuna duen ekosistema bat. Mubil Business Center eraikitzeak aukera emango du ekosistema horren inguruko gaitasunak handitzeko eta enpresa berritzaileen hazkundean laguntzeko», esan du Berasaluzek.

Hain zuzen, eraikin berria eraikitzeaz gain, bi partzela ere egingo dituzte jendearen eskura jartzeko. Berasaluzeren arabera, horrela, ingurune espezializatu bat eskainiko dute mugikortasun jasangarriari eta adimenduari lotutako enpresentzat, enpresa horiei garapen faseetatik hazkunde eta sendotze faseetarako ibilbidea errazteko. Horrez gain, eraikin berrian, bulegoak, I+G laborategiak eta testak eta prototipoak garatzeko lekuak ere izango dira.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA