ELA sindikatuak deituta, Donostiako Metropolitan gimnasioko langileek kaleak hartu dituzte gaur, negoziazioaren «blokeoa» salatzeko. Hiru hilabete daramatzate greban, eta ELAk dio negoziazioak ez aurrera eta ez atzera jarraitzen duela oraindik. «Enpresak ez dio erantzun langileek egindako proposamen bakar bati ere, ezta gatazka desblokeatzeko asmoz batzordeak jarrera malgutu ondoren ere».
Grebarako eskubidea urratu dietela ere salatu dute, bai eta bazkideei kuota osoa kobratzea ere, zerbitzuak «okerrera» egin duen arren. «Enpresak legez kanpo ordezkatu ditu greban dauden langileak, eta sei salaketa aurkeztu ditugu horregatik: kanpoko garbiketa enpresak kontratatzeagatik, greban ez dauden langileei bestelako eginkizunak emateagatik, aurrez grabatutako klaseen bideoak emateagatik eta jarduerak erabiltzaileek eurek gidatzeagatik, besteak beste».
ELAk gogorarazi du langileen grebarako arrazoia zera dela, enpresak lan baldintza batzuk hobetuko dituen hitzarmen propio bat negoziatzeari uko egin izana. «Langileen egungo soldatak gutxieneko soldatari lotuta daude, eta lanaldiak lurraldeko hitzarmenak ezarritakoak baino luzeagoak dira».