Abuztuaren 8tik 15era bitartean, Donostiako Aste Nagusia hasi eta bukatu artean, sexu erasoak prebenitzeko eta artatzeko informazio eta arreta gune bat jarriko du Donostiako Udalak. Gaur aurkeztu dute urte honetarako prestatutakoa, goizean hirian bertan egindako agerraldi baten bidez. Berdintasun zinegotzi Ane Oiarbidek nabarmendu du Aste Nagusiak «elkarbizitza, errespetu eta askatasun gune» izan behar duela «guztientzat», eta gogorarazi du «erantzukizun kolektiboa» dela indarkeria sexistaren prebentzioa.
Bulebarreko kioskoan jarriko dute informazio eta arreta gunea, eta 11:00etatik 15:00etara eta 20:00etatik 04:00etara egongo da irekita. Kontatu dutenez, dibulgazio materiala eta laguntza espezializatuko baliabideak ere emango dituzte, hainbat hizkuntzatan. «Funtsezkoa da baliabide espezializatuak izatea, baina baita herritar guztien sentsibilizazioa eta inplikazioa bultzatzen jarraitzea ere», gehitu du Oiarbidek.
Aurtengo neurriak Festetan ere aske! Indarkeria sexistarik ez! kanpainaren parte dira. Goizeko agerraldian esan dutenaren arabera, kanpaina hori urte osoan egon da abian, eta helburu du sexu erasoen aurkako «prebentzio mezuak» zabaltzea, «emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna» sustatzea eta indarkeria matxistaren edozein adierazpenen aurka «gaitzespen jarrera aktibo bat» sustatzea.