Donostiako Bengoetxea kaleko EAG etengabeko arretako gunean atzo ez zen medikurik egon. Hori salatu du Osasungintza Publikoaren Alde herri plataformak, eta gaineratu udan «ohiko» bihurtu dela sendagilerik ez egotea Donostialdeko EAGetan. Ohar bidez nabarmendu dutenez, lan egingo dute «salbuespenezko» egoera hori «bere horretan ez mantentzeko».
Udan medikurik ez egotea ez da kontu berria Donostialdean. Plataformak azpimarratu du iaz «hamar egunetik lautan» ez zela egon medikurik EAGetan. Donostialdean sei EAG eta Arreta Indartzeko Gune daude guztira, eta horietatik lau hiriburuan bertan daude. Bada, atzo Donostiako lau osasun zentro horietatik bakarrean zegoen medikua, salatu dutenez.
Horiek horrela, sendagilerik gabe egotea «onartezina» dela adierazi dute: «Osasun sistema publiko, duin eta euskaldun bat defendatzen dugunok ezin dugu onartu salbuespenezko egoera honetan egotea». Hori dela eta, jakinarazi dute «neoliberalismoak bultzatzen duen zerbitzu publikoen lapurreta» gaitzesten segituko dutela: «Osasuna ez da negozioa».