Gaur hasi dituzte Azpeitiko Corrugados lantegia eraisteko lanak

Cristian Lay enpresa hasi da eraikina behera botatzeko lanetan, eta urte eta erdi barru lantegia erabat eraitsita egongo dela aurreikusi du. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak adierazi du «beste etapa bat» hasi dela gaur.

Hondeamakina bat gaur, Azpeitiko Corrugados lantegian. URTZI OTEIZA / GUKA
Hondeamakina bat gaur, Azpeitiko Corrugados lantegian. URTZI OTEIZA / GUKA
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko irailaren 7a
15:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur hasi da Cristian Lay enpresa Azpeitiko Corrugados lantegia eraisten (Gipuzkoa). Hala jakinarazi du Azpeitiko Udalak, eta jada lanean izan dira lantegia behera botatzeko makinak Amue industrialdeko lantegian.

Duela hamahiru urte itxi zuten Azpeitiko Corrugados, 2013an. Piezen fundizioan eta laminazioan aritzen zen lantegi hori ordura arte. 2020an, Cristian Lay taldearen esku geratu zen, eta hark labea berriro martxan jartzeko asmoa azaldu zuen. Horrela, baztertu egin zuen lantegiaren jarduera Txukutxo eremura lekualdatzea. Horrek hautsak harrotu zituen, eta epaitegietara iritsi zen auzia. 

Prozesu luze baten ondoren, eraikina eraistea izan zen ebazpena. Apirilean eman zuen Azpeitiko Udalak horretarako baimena, eta gaur hasi dira lan horiek. Lehenik eraikina hustuko dute, eta egin beharreko saneamendu lanak egin. Eusko Jaurlaritzaren Industria sailak kudeatuko du prozesua, eta hark eman beharko dio oniritzia eraisketari. Aurreikusten da urte eta erdian Corrugados Azpeitia zenaren lantegia guztiz botata egongo dela.

Gaur bertan zabaldu du Azpeitiko Udalak sare sozialetan bideo bat, eta, bertan Nagore Alkorta alkateak esan duenez, «beste etapa bat» hasi da gaur abiarazitako lanen bidez: «Badator herri erabilerarako Amue, eta gaurkoan pozik iragartzen dugu hasi direla Amue eraldatzeko obrak».

Informazio gehiago, Azpeitiko Guka-n.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA