Gipuzkoako Foru Aldundiak politika publikoek pertsonen bizi kalitatean duten eragina neurtzeko agentzia bat sortu du

Zaintzaren arloan «ebaluatzeko eta erabakiak hobeto hartzeko» modua emango du, diputazioaren esanetan. Herrialdeko zortzi zahar etxetako langileak greban dira Iazko azarotik; uste dute haien prekaritatea ezabatu behar dela gizarte politikak hobetzeko.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia gaur, Tabakaleran. MAIALEN ANDRES / FOKU
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia gaur, Tabakaleran. MAIALEN ANDRES / FOKU
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2026ko irailaren 2a
13:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat «funtsezkoa» da bizi kalitatea ebaluatzea pertsonen arreta sistema hobetzeko, eta ikerketa bat abiatu zuen zera aztertzeko, zainketek adinekoen egoitzetan eta beren etxeetan nola eragiten duten. Orain bi hilabete aurkeztu zituen emaitzak, eta zioten Gipuzkoako egoitzetan bizi diren eta mendekotasunen bat duten lau adinekotik hiruk —%74,5— uste dutela bizi kalitate ona dutela, eta etxean artatzen dituztenei dagokienez, berriz, %57,4k uste bera dute. Eider Mendoza diputatu nagusiak orduan azaldu zuen aldundiak Gipuzkoako adinekoen bizi kalitatea hobetzeko anbizioa duela, eta jauzi bat eman asmo duela. Jauzi horren erakusle gisa, Gipuzkoako Gizarte Politiken Kalitate eta Ebaluaziorako Agentzia sortu du, politika publikoek pertsonen bizi kalitatean duten «benetako eragina» neurtuko duen agentzia independentea. Gaur aurkeztu dute, Donostiako Tabakaleran.

Diputatu nagusiak esplikatu du «ebaluatzeko eta erabakiak hobeto hartzeko» modua emango duela agentziak. «Zaintzaren arloan dugun errealitate berriari erantzuteko sortu dugu. Izan ere, zaintzak gero eta konplexuagoak dira, eta arreta pertsonalizatuagoa, koordinatuagoa eta kalitate handiagokoa eskatzen dute. Horretarako, beharrezkoa da autonomia sustatzen duen, laguntza komunitarioak indartzen dituen, erakundeen arteko koordinazioa bultzatzen duen eta pertsona bakoitzaren bizi kalitatea eta lehentasunak politika publikoen erdigunean jartzen dituen eredu baterantz eboluzionatzea». Mendozak dio behar horri erantzuteko ez dela nahikoa zerbitzuak handitzea. «Gure helburu nagusia da pertsonak hobeto eta denbora gehiagoz zaintzea, eta horretarako beharrezkoa da jakitea gizarte politiketako zerbitzuetan zer egiten den ondo, zergatik funtzionatzen duten eta zer inpaktu duten pertsonen bizi kalitatean».

Mendozari garrantzitsua iruditzen zaio jakitea pertsonek nola bizi nahi duten, uste baitu bizi kalitatea ez dela hobetzen baliabide eta zerbitzuen eskaintza handiagotuta, baizik eta zaintza «pertsonalizatua» eta «jarraitua» eskainita. «Oso garrantzitsua da adinekoen beharrak eta lehentasunak errespetatzea eta lotura komunitarioak bultzatzea». Ziurtatu du diputazioa ahaleginak eta bi egiten ari dela hori hala izan dadin. «Trantsizio irmoa egiten ari gara zaintza eredu pertsonalizatuagoa, komunitateari estu lotutakoa eta berritzailea izateko».

Zahar etxeak greban

Gipuzkoako Foru Aldundiak zaintzaren arloan «jauziak» eman asmo ditu, baina, bien bitartean, herrialdeko zortzi zahar etxetako langileek 297 egun daramatzate greba mugagabean, ELA sindikatuak deituta. Hainbat mobilizazio eta greba egun egin dituzte ordutik. Salatzen dute aldundiak herrialdeko zahar etxeen eta eguneko zentroen sektorea pribatizatu duela, eta horrek «etengabeko narriadura» eragin duela langileen baldintzetan eta zerbitzuaren kalitatean. Lan baldintza hobeak eskatzen dituzte, bai eta baldintza horiek lan itun berri batean arautzea ere. Horregatik, foru erakundeak sortutako Gizarte Politiken Kalitate eta Ebaluaziorako Agentziaren aurkezpenean izan dira gaur, Tabakaleran, eta amaitutakoan, kanpoan mobilizatu dira. «Une hau baliatu nahi dugu aldundiari gogorarazteko gizarte politikak eta zaintza sistema hobetzeko sektorearen baldintza eskasak hobetu behar direla», adierazi dute ELAko ordezkariek. 

(ID_16405711) (/@FOKU) 2026-09-02, Donostia. Gipuzkoako Foru Aldundiak bere zaintza-proiektua aurkezten du; bitartean, greban daude...
Gipuzkoako zortzi zahar etxetako langileak eta egoiliarren senideak, gaur Donostiako Tabakaleran. MAIALEN ANDRES / FOKU

Greba mugagabean dauden zortzi zahar etxeak hauek dira: Zumaiako San Juan (Clece Mayores), Errenteriako Sagrado Corazon (Eulen Sociosanitario) eta Sanmarkosene (Gureak), Zumarragako Argixao (Gerozerlan-Matia), Ordiziako San Jose (Zaintzen-Clecde), eta Donostiako Villa Sacramento (Domusvi-Mitie), Txara I (Gipuzkoako Biharko) eta La Paz (GSR). «600 langile baino gehiago dira», esan dute ELAkoek.

«Aldundiak %90ean finantzatzen du zerbitzua; beraz, sindikatuko kideok eskatzen diogu prekaritatea eta genero arrakala ezabatuko dituen hitzarmen bat lortzeko ardura har dezala». Adierazi dute langileen lan baldintzak garrantzitsuak direla zerbitzuaren kalitatea hobetzeko, eta, hortaz, uste dute zaintzaren kalitatea eta gizarte politiketako zerbitzuak nekez hobetuko direla prekaritatea ezabatuko duen hitzarmen bat lortu ezean. «Gaur egun egoiliarrek ez dute zaintzaileen arreta nahikorik jasotzen, besteak beste, langileen ia erdiak borondatezkoak ez diren kontratu partzialak dituztelako eta dauden gehiegizko lan kargei ezin dietelako behar bezala erantzun. Enplegua gero eta prekarioagoa da enpresa pribatuen mozkinen mesedetan».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA