Gipuzkoako Soziometroaren arabera, EH Bilduk irabaziko lituzke foru hauteskundeak, baina EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa lortuko lukete

Koalizio subiranistak orain baino eserleku bat gehiago lortuko luke: 23. EAJk beste bi eserleku irabaziko lituzke: 19. Jeltzaleek eta PSE-EEk gehiengo osoa lortuko lukete, eta hortaz, ez lukete beste indarren beharrik izango.

Maddalen Iriarte, 2024ko abenduan, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, 2025eko aurrekontuen gaineko eztabaidan. GORKA RUBIO / FOKU
Maddalen Iriarte, 2024ko abenduan, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, 2025eko aurrekontuen gaineko eztabaidan. GORKA RUBIO / FOKU
Miren Mujika Telleria.
2026ko uztailaren 14a
15:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtebete baino gutxiago falta da foru hauteskundeetarako, eta Gipuzkoako Soziometroak aztertu du herrialdeko Batzar Nagusietarako hauteskundeak orain egingo balira zer aldaketa gertatuko liratekeen egungo osaketarekin alderatuz gero. Inkesta horren arabera, EH Bilduk irabaziko lituzke berriro foru hauteskundeak, botoen %39,9 eta 23 eserleku lortuta—orain 22 ditu—. EAJk, berriz, botoen %32,9 lortuko lituzke, eta 19 batzarkide, orain baino bi gehiago. PSE-EEk, berriz, bozen %14,1 lortuko lituzke, eta zazpi batzakide. Horrek gehiengo osoa emango lioke Gipuzkoako Batzar Nagusietan jeltzaleen eta sozialisten arteko koalizio gobernuari. Alderdi subiranistak eta jeltzaleek PPren kontura lortuko lituzkete eserlekuak.

Hortaz, inkestaren arabera, EH Bilduk 2023an baino boto portzentaje handiagoa lortuko luke, %37,3tik %39,9ra igoko bailitzateke. EAJk hiru hamarren baizik ez luke gora egingo bozetan, %32,6tik %32,9ra. Elkarrekin Ahal Dugu-k orain dituen batzarkide bietako bat galduko luke, eta PPk orain dituen hiru batzarkideetatik bakarrari eutsiko lioke.

Irune Berasaluze foru bozeramaileak esan du boto asmoa ez litzatekeela askorik aldatuko 2023ko hauteskundeetako emaitzekin alderatuta, ez eta urtarrilean Gipuzkoako Soziometroak egindako azterketekin konparatuta ere. «Soziometroaren emaitzek zera adierazten dute, koalizio gobernuak orain arteko botoei eutsiko liekeela eta lehen aldiz gehiengo osoa lortuko lukeela Batzar Nagusietan, hirugarren indar politiko baten babesaren beharrik gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA