Gizon bat atxilotu dute Irunen, prostituzio etxe batean emakume bati sexu erasoa egitea egotzita

40 urte ditu gizonak, eta 27 urteko emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta atxilotu du Ertzaintzak. Laguntzera joan zen beste emakume bati ere eraso zion. Gasteizen, berriz, 38 urteko gizona atxilotu dute, bikotekideari eraso egitea leproratuta.

Sexu eraso bat salatzeko elkarretaratzea Irunen, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Sexu eraso bat salatzeko elkarretaratzea Irunen, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko abuztuaren 25a
11:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irungo Udaltzaingoak eta Ertzaintzak 40 urteko gizon bat atxilotu dute Irungo prostituzio etxe batean (Gipuzkoa), sexu eraso bat egitea egotzita. Astelehen arratsaldean izan zen: prostituzio etxeko alarma gelak abisu bat jaso, eta poliziei dei egin zieten. Bertaratu zirenean, agenteek jakin zuten gizonak sexu erasoa egin ziola 27 urteko emakume bati, eta, gainera, emakumea atxiki zuela erasoa egindako lekuan.

Ez da gizonari leporatu dioten eraso bakarra: lekukoen arabera, biktimari laguntzera joan zen 24 urteko emakume bat jo zuen gizonak saihetsean. Agenteek gizona atxilotu zuten, sexu erasoa, legez kanpoko atxikitzea eta lesio delituak leporatuta. Atxilotu zutenean, 12.000 euro zeramatzan. Preso dago orain gizona, epailearen esku geratzeko zain.

Gasteizen, berriz, 38 gizonezko bat atxilotu zuen atzo udaltzainek, bikotekideari eraso egitea egotzita. Alde Zaharreko etxe batera joan ziren agenteak, bertan «eztabaida bortitz bat» zelako abisua jaso ostean. Etxebizitza barruan «ageriko borroka» zantzuak aurkitu zituzten udaltzainek, eta, hortaz, gizona atxilotu zuten, indarkeria matxista egotzita. 

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA