Carles Guerra arte komisarioaren irudiko, kosta ahala kosta nahi zuen hori egiten saiatzen ziren artistetako bat zen Harun Farocki zinemagile eta artista bisuala (Novy Jicin, Txekiar Errepublika, 1944 - Berlin, 2014). Beste zinema mota bat egin zitekeela sinesten zutenetakoa zen. «Beste zinema hori zinema aktibista eta politikoa da. Ez da zinema astuna; oso sortzailea eta pesimismorik gabea da», gaineratu du Guerrak. Eta, hain justu, Farockik jorratutako hori bera bistaratu nahia erakusten du Guerrak berak Antje Ehmann artistarekin komisariatutako azken erakusketak: Harun Farocki efektua. Donostiako Kutxa Kubo aretoan dago ikusgai, irailaren 27ra arte.
Berlingo kontrakulturan hasi zuen bere ibilbidea Farockik. Bigarren Mundu Gerraren ondoren Alemaniako zinema berria landu zuten artistetako bat izan zen. Haren hastapenetatik irudien indar ideologiko, politiko eta teknologikoa aztertu zituen, eta honako premisa hau zuen ardatz: «Irudi oro nahita egindako eraikuntza eta manipulazio baten emaitza da». Ingurukoari so egiteko ikuspegi zorrotza gailentzen da haren lanetan, eta hori da, hain zuzen, Ane Abalde Kutxa Fundazioko ekimen eta edukien arduradunaren ustez, artistaren alderdi interesgarrienetako bat: «Gure inguruaren gaineko begirada kritikoa nagusi diren kontakizunak ekartzen saiatzen gara, eta gutxik egiten dute hori Farockik bezain ondo». Erakusketan 1960ko hamarkadan sortutako zinema militanteko piezak eta 1990etik aurrera egindako bideo instalazioak jaso dituzte, baita artxiboko material batzuk ere.
«Eseri, sartu kliman, eta pentsatu zein izango den hurrengo ikus-entzunezkoa»
CARLES GUERRA Komisarioa
Bi komisarioek aski ezaguna dute Farocki; Ehmannek batez ere. Artistaren lankidea izan zen urte luzez, eta zenbait pieza ere sortu zituzten elkarrekin. 2014az geroztik —urte horretan hil zen Farocki—, hainbat herrialdetan antolatu ditu hari buruzko erakusketak: Alemania, Korea, Herrialde Katalanak, Italia... Horietako batzuk Guerrarekin batera prestatu ditu. Eta ohartarazpena egin du, halere, Ehmannek: «Erakusketa hau ez da besteak bezalakoa, hau berezia da». 2010a baino lehenagoko lanak dira jaso dituztenak.
Dena aldi berean
Farockik berak bere lanetan erabiltzen zuen Soft Montage (muntaketa leuna) delako teknika erabili dute komisarioek erakusketa antolatzeko. Aretoan hainbat ikus-entzunezko pieza proiektatzen dira aldi berean, eta bisitarientzako eserlekuak eta entzungailuak daude haietako batzuen aurrean. Pieza baten aurrean esertzen denak, zeharka bada ere, beste pieza baten irudiak ikusi ahal izango ditu. Guerraren hitzetan, «ordenaren aurkako» erabaki bat dela dirudien arren, «dibertitzeko» aukera bat zabaltzen du antolaketa horrek: «Eseri, sartu kliman, eta pentsatu zein izango den hurrengo ikus-entzunezkoa». Haren ustez, lanek sekuentzia moduko bat osatzen dute horrela.
Workers Leaving the Factory vin Eleven Decades (Langileak fabrikatik irteten, 11 hamarkadaz) da aretoko lanik deigarrienetako bat. 11 telebista errenkadan jarrita daude obra horretan, eta horietako bakoitzak hamarkada bateko irudiak ematen ditu etengabe. Zera ikus daiteke haietan guztietan: langileak lantokietatik irteten. Eta nabarmena da bai jendea eta bai lantokiak nola aldatu diren denboraren poderioz.

Farocki Re-pouring, Variation I Opus Tomas Schmit lanaren irudi bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Zinemagilea Tomas Schmit artistaren performance batean oinarritu zen Farocki Re-pouring, Variation I Opus Tomas Schmit (Berrisurtzea, I aldaera Tomas Schmiten obra) egiteko. Schmitek ura edalontzi batetik bestera botatzen zuen etengabe, harik eta urik gelditzen ez zen arte. Farockik planteamendu antzeko bat izan zuen abiapuntu bere lanerako; ordea, botila batetik bestera botarazi zuen ura, eta lan hori ez zuen pertsona batek egin, robot batek baizik. Prozesu horren irudiak dira erakusketakoak. Guerrak azaldu duenez, lan hori ironikoa da: «Robotaren automatismoak ere akatsak baititu».
Artxiboa lehen aldiz
Komisarioen iritziz, Interface (interfazea) ikus-entzunezkoa artistaren ibilbidearen erakusgarri da, eta hori ere ikusgai dago Donostian. Soft Montage teknikari jarraikiz sortu zuen hori ere zinemagileak. Bi irudi proiektatzen dira aldi berean: batetik, Farocki bera Inextinguishale Fire-ren (itzali ezin den sua) eszena batzuk ikuskatzen; bestetik, 1969ko bere irudi bat, Stockholmeko auzitegiaren aurrean. Guerra: «Instalaziorik sinpleena da, baina erakusketaren hitzaurre gisa funtzionatzen du».
Lehen aldiz, Farockiren artxiboko zenbait elementu bildu dituzte erakusketa batean, eta, horretarako, Elias Kerejeta zine eskolako ikasleen laguntza izan dute komisarioek. Guerrak Ehmannen etxetik eta zinemagilearen artxibotik lortu du materiala, eta ikasleekin landu ostean egin dute aukeraketa. «Segituan ulertu zuten nor zen Farocki; lan polita izan da», gaineratu du. Besteak beste, zinemagileak errodajeetarako erabilitako materialak dira ikusgai daudenak, baita argazkiak ere.