Beste urte batez, Donostiako kaleak blaitu ditu euskal preso, iheslari eta deportatuak etxeratzeko aldarriak. Ohitura izanagatik, aurtengo mobilizazioak izan du berritik ere: Sare Herritarrak eta Donostiako Piratek elkarlanean antolatu baitute aurrenekoz. Ibilbideari baino gehiago, helmugari erreparatu diote gaurko manifestazioan; muga eta koordenatu jakinik gabeko helmuga bati: euskal preso, iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herri bat. «Horra ailegatu arte jarraituko dugu lanean».
Arratsalde hondarrean abiatu da manifestazioa, 19:30ean, kaiko Flamenka gunetik. Beñat Uribe-Etxeberriak eman dio hasiera mobilizazioari, eta jende saldoa hirian barrena abiatu da ondoren. Banderolek eta ikurrinek jantzi dute aste nagusiko festa giroa, eta pasieran zebiltzan turisten murmurrarekin nahastu dira manifestarien aldarriak. Ibilaldiaren amaieran egin dute hitzaldi nagusia, eta irmo adierazi dute zerk eraman dituen kalera: «Bat egiten dugu pirata, xibaro, senide eta gipuzkoarrok, gehiegi luzatu den eta gehiago ezin luza daitekeen auzi konponbidearen alde».
Egoeraren diagnostikoa egin dute, eta, horretarako, atzera egin dute: «Iaz aipatu genuen hemezortzi zirela zigorra erregimen itxian betetzen ari ziren preso gipuzkoarrak; aurten, zortzi soilik dira egunerokoan kalera irteten ez direnak». Halere, nabarmendu dute «legez» guztiek egon beharko luketela kalean, eta euskal presoak etxeratzeko bidean «asko aurreratu» den arren oraindik ere «lana» dagoela egiteko.
Horren erakusletzat jo dute, hain justu, aurten bi iheslari hil direla lau hamarkada erbestean eman ondoren. «[Espainiako] Auzitegi Nazionalak iheslari eta deportatuen egoeraren konponbideari eragiten dioten blokeoa eta ankerkeria dira muturreko egoera hauen eragile eta erantzule», salatu dute.
Urteurrena
Datorren urrian hamabost urte beteko dira ETAk borroka armatua utziko zuela iragarri zuenetik. Halere, auziaren «anakronia» eta «sufrimendua» luzatzeko «mendeku gosea» gero eta agerikoagoak direla uste du Sarek, eta 07/2003 Legea jarri du jopuntuan: «Gaur egun are larriagoa da lege hori existitzea». Lege hori PPko Jose Maria Aznar buru zuen Espainiako Gobernuak onartu zuen, 2003an, sozialisten babesarekin; besteak beste, 30 urtetik 40 urtera luzatu zituzten kartzela zigorrak.
Lege horrek bere hartan dirau, baina Sare Herritarrak argi du zein diren «oztopoak» eta zein «konponbide justu eta iraunkor batera» iristeko egin beharreko urratsak. Hala, helburu hori lortu arte lanean jarraituko dutela nabarmendu dute, kalera irten ezin diren zortzi preso gipuzkoarrek eta orotara egoera horretan dauden 28 presoek «erregimen irekirako jauzia» egin dezaten.