Beste murrizketa bat Renfeko tren erabiltzaileentzat. AHT abiadura handiko trenaren lanak direla eta, Renferen tren zerbitzua are gehiago murriztuko dute Hernani eta Irun artean (Gipuzkoa), eta ostiraletan ere itxita egongo dira trenbideak aste honetatik aurrera. Asteburutan ere ez dira trenak bertatik igarotzen orain, hortaz, astelehenetik ostegunera soilik egongo da irekita tarte hori trenentzat, 04:30etik 17:30era.
Hala jakinarazi du Adif Espainiako trenbide azpiegituretarako kudeatzaileak, eta argudiatu lanak azkartzeko asmoz hartutako neurria dela. Lanak urriaren 26rako amaituta egotea espero dute, eta beraz, aurreikuspenen arabera, murrizketak beste hilabete luzatuko dituzte. Tarte horretan, Renfek autobus zerbitzuak eskainiko ditu Hernani eta Irun artean.
Uztailaren 25etik irailaren 6ra arte guztiz itxita egon da tarte hori bera, eta irekiz joan dira ondoren, baina faseka. Asteburutan, adibidez, itxita egon da beti, eta hemendik aurrera, baita ostiraletan ere.
Egun horietan, 18,2 kilometrotan dago trafikoa etenda, eta Renferen autobusa erabiltzen dute erabiltzaile batzuek. Hala ere, autobusak ez dira tren geltoki guztietan geratzen. Irun, Irungo Bentak, Lezo-Errenteria, Pasaia, Herrera, Intxaurrondo, Ategorrieta, Gros, Donostia eta Hernani geltokietan geratzen dira; hau da, Loiolan, Martutenen eta Hernani Erdian ez dute geldialdirik egiten.