Jon Sarasua euskaltzain oso izateko hautagai izendatu dute

Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan egin duten osoko bilkuran aurkeztu dute haren hautagaitza. Irailaren 25eko bileran jakingo da Sarasuak Mikel Zalbide euskaltzain emerituaren lekua hartuko duen ala ez.

Jon Sarasua, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jon Sarasua, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
14789412 kepa
2026ko uztailaren 24a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan gaur egindako osoko bilkuran, izen bakarra aurkeztu dute euskaltzain oso izateko hautagai: Jon Sarasua Maritxalar soziolinguista eta euskaltzain urgazlearena. Hizkuntza akademiak gogorarazi du Mikel Zalbide emeritu bihurtu zela maiatzaren 9an, 75 urte bete baitzituen egun horretan. Hain zuzen, maiatzaren 29an Baionako herriko etxean egin zen osoko bilkuran zabaldu zen hautagaiak aurkezteko epea, eta irailean egingo duten osoko bilkuran jakingo da Zalbideren lekua Sarasuak hartuko ote duen. Euskaltzaindiaren arautegiak agintzen duen moduan, euskaltzain oso eta emeritu gehienen aldeko botoak beharko ditu horretarako.

Sarasua Aretxabaletan (Gipuzkoa) jaio zen, 1966ko apirilaren 13an, eta Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea da. Hezkuntzan ibilbide luzea eta agerikoa egin du: bereziki, irakasle eta prestatzaile moduan, baita irakaskuntzarako euskarazko material sorkuntzaren eta egokitzapenaren eremuan ere. Informazio Zientzietako doktoretza egin zuen EHUn, eta 28 urtez jarraian irakasle titular izan da Mondragon Unibertsitatean; 1998tik 2026ra bitartean, zehazki. Era berean, Huhezi fakultateko Gizarte Zientzien Saileko zuzendaria izan zen 1999tik 2002ra, eta ikastegi bereko Komunikazio Saileko zuzendaria 2003tik 2005era.

Kooperatibagintza eta argitalpenak

Kooperatibagintza arloan, munduko ekonomia sozialari, munduko hizkuntza gutxituei eta euskal kulturgintzari buruzko hainbat graduondoko eta masterren sustatzailea izan da Sarasua, 2007tik 2026ra, eta Garabide elkarteko zuzendaritza taldeko kidea da 2006tik.

Dozenatik gora liburu eta ehunka artikulu argitaratu ditu hala bakarka nola elkarlanean. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2021eko azaroan. Akademiaren Sustapen Batzordeko kidea da 2021etik, eta Euskararen Gogoetagunearen koordinatzailea 2022tik. Mintzola proiektuaren zuzendaria ere ari da ordutik, Eñaut Agirrerekin batera, eta herri kulturgintzari buruzko ikerketa proiektuaren eratzaile eta arduradun 2025etik.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA