Joseba Zalakain izango da Gipuzkoako Zainketen eta Gizarte Politiken Ebaluaziorako Agentziako zuzendaria

Aldundiak asteon aurkeztu du politika publikoek pertsonen bizi kalitatean duten eragina neurtuko duen Agentzia, eta orain iragarri du Zalakain izango duela buru. Siis Egia Kareaga Fundazioko Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko zuzendaria izan da 2007tik.

Joseba Zalakain, Gipuzkoako Zainketen eta Gizarte Politiken Ebaluaziorako Agentziako zuzendaria. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Joseba Zalakain, Gipuzkoako Zainketen eta Gizarte Politiken Ebaluaziorako Agentziako zuzendaria. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Miren Mujika Telleria.
2026ko irailaren 4a
12:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak Zainketen eta Gizarte Politiken Ebaluaziorako Agentzia aurkeztu du asteon, politika publikoek pertsonen bizi kalitatean duten «benetako eragina» neurtuko duen agentzia independentea. Pertsonak «hobeto» eta «denbora gehiagoz» zaintzeko asmoz sortu dute erakundea, eta uste dute horretarako beharrezkoa dela jakitea gizarte politiketako zerbitzuek zertan asmatzen duten, zertan egiten duten herren eta zer inpaktu duten pertsonen bizi kalitatean. Foru Aldundiak jakinarazi berri du agentziak baduela zuzendari nagusia: Joseba Zalakain. 

Gizarte politiketan ia 30 urteko eskarmentua du Zalakainek, arlo horri lotutako hainbat lanetan aritu baita bere ibilbidean, hala zuzendaritza eta kudeaketa lanetan nola ikerketan eta gizarte politiken, eta gizarte zerbitzuen ebaluazioan. Besteak beste, Siis Egia Kareaga Fundazioko Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko zuzendaria izan da 2007az geroztik.

«Agentziak ebaluazioan eta plangintzan esperientzia zabala duen zuzendaritza izango du hasiera-hasieratik», dio foru aldundiak hedabideei igorritako ohar batean. «Zuzendaritzak gizarte zerbitzuen euskal sistema sakon ezagutzen du, eta hainbat sektorerekin harremanak eta lankidetza sustatzeko gaitasuna du, hala nola administrazioekin, hirugarren sektorearekin, unibertsitateekin eta askotariko eragileekin».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA