Gipuzkoako Foru Aldundiak Zainketen eta Gizarte Politiken Ebaluaziorako Agentzia aurkeztu du asteon, politika publikoek pertsonen bizi kalitatean duten «benetako eragina» neurtuko duen agentzia independentea. Pertsonak «hobeto» eta «denbora gehiagoz» zaintzeko asmoz sortu dute erakundea, eta uste dute horretarako beharrezkoa dela jakitea gizarte politiketako zerbitzuek zertan asmatzen duten, zertan egiten duten herren eta zer inpaktu duten pertsonen bizi kalitatean. Foru Aldundiak jakinarazi berri du agentziak baduela zuzendari nagusia: Joseba Zalakain.Â
Gizarte politiketan ia 30 urteko eskarmentua du Zalakainek, arlo horri lotutako hainbat lanetan aritu baita bere ibilbidean, hala zuzendaritza eta kudeaketa lanetan nola ikerketan eta gizarte politiken, eta gizarte zerbitzuen ebaluazioan. Besteak beste, Siis Egia Kareaga Fundazioko Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko zuzendaria izan da 2007az geroztik.
«Agentziak ebaluazioan eta plangintzan esperientzia zabala duen zuzendaritza izango du hasiera-hasieratik», dio foru aldundiak hedabideei igorritako ohar batean. «Zuzendaritzak gizarte zerbitzuen euskal sistema sakon ezagutzen du, eta hainbat sektorerekin harremanak eta lankidetza sustatzeko gaitasuna du, hala nola administrazioekin, hirugarren sektorearekin, unibertsitateekin eta askotariko eragileekin».