Azora funtsa Donostian legez kanpoko jarduerak egiten ari dela salatu du Kaleratzeak Stop plataformak. Izan ere, esan dute funtsak udalerrian dituen 166 etxeetatik 65 hutsik daudela, eta horietako batzuk pisu turistiko gisa erabiltzen dituela. Gainera, haien arabera, horretarako baimenik gabe jarduten du Azorak: «Donostiako Udalak 2023ko apirilean onartu zuen luzamenduaz geroztik, pisu horien lizentziak debekatuta daude». Plataformak dio legez kanpoko etxebizitza horien berri dutela Amarako Osasun Iturria kaleko hamalaugarren zenbakian eta Groseko Galtzada Nagusiko zortzigarren zenbakian.
«Azorak maizterrak kaleratu ditu etxebizitzak husteko, horrela espekulatzen jarraitu dezake eta. Aldi baterako etxebizitza edo pisu turistiko gisa eskaintzen dituzte». Hori ere salatu du Kaleratzeak Stopek, eta eskaera hauek egin dizkie udalari eta Kontsumobideri: indarrean dagoen araudia «premiaz» eta «irmo» aplikatzea, ikuskapenak «ahalik eta lasterren» egitea, eta aplika ditzatela dagozkien isunak. «Donostian arazo larriak daude etxebizitza eskuratzeko, eta tentsio handiko hiria da. Ezin du onartu Azora putre funtsak 65 etxebizitza huts izatea eta, gainera, legez kanpoko etxebizitza turistiko gisa erabiliz hark ahalik eta etekinik handiena lortzea», gehitu dute.
Plataformak berretsi du Azoraren etxe hutsek bizitegi erabilera izan behar dutela, eta ez dela espekulatu behar horiekin. Horrez gain, gutun bat aurkeztuko die udaleko talde guztiei eta Kontsumobideri, haiek Azoraren «legez kanpoko» pisu turistikoak itxi ditzaten «ahalik eta lasterren», eta ezarritako zehapen ekonomikorik «handienak» aplika ditzaten.Â
Mozioa atzo
Jabe handiek udalerrian dituzten etxebizitza hutsak mobilizatzeko mozio bat onartu zuen atzo Donostiako Udalbatzak. Kaleratzeak Stopek bultzatutakoa da hori, eta EH Bildu eta Elkarrekin Donostia taldeek aurkeztu zuten.Â
Mozio horretan, plataformak eskatu du, besteak beste, kanonaren, nahitaezko alokairuaren eta desjabetzearen moduko tresnak aplikatzeko —EAEko Etxebizitza Legean eta Eusko Jaurlaritzaren 149/2021 dekretuan jasota daudela diote—. Horrela, Azora, Naiz Homes eta gisako funtsek dituzten etxe hutsak mobilizatzea dute helburu, eta horiek ohiko etxebizitza bilakatzea.