Kristinaenea, askotariko erritmoz beteta

Glad is the Day jaialdia eginen dute bihar Donostian, hamargarrenez. Besteak beste, LUP euskal artistak eta Sonido Gallo Negro talde mexikarrak joko dute, eta artisautza azoka bat ere egingo dute, 65 postukoa.

Glad is the Dayren aurreko edizio bateko irudia. BERRIA
Glad is the Dayren aurreko edizio bateko irudia. BERRIA
2026ko abuztuaren 1a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kristinaenea parkean ez da txori hotsik entzungo bihar. Haien ordez, musika askotariko eta koloretsua izango da protagonista. Glad is the Day jaialdia ospatuko baitute Donostian, 12:00etatik 21:00ak arte. Dohainik izango da. Moda eta artisautza uztartzen dituen azoka bat ere egingo dute. Duela hamar urte sortu zen jaialdia, eta parkearen izen ez-ofizialarekin hitz joko bat egiten du jaialdiaren izenak —herri mugimenduek Gladysenea deitzen baitiote parkeari, Gladys del Estalen omenez, zeina poliziek hil zuten 1979an, manifestazio antimilitarista eta antinuklear batean—. 

Jaialdia bi eszenatokitan banatuko da. Batetik, Stage Nagusia dago. Bertan, funk-rock musikaz gozatzeko aukera egongo da LUP taldearen eskutik. Emanaldia 12:40an hasiko da. 14:00etan, berriz, popa eta soula nagusituko dira eszenatoki nagusi horretantxe, Geminiss taldea oholtzaratuko baita. Haren segidan, Ruinosa y las Strippers de Rahola taldea ariko da. Drag mundua oinarri duen performance bat egingo dute trabesti katalanek; Bartzelonako underground eszenan ospea hartzen ari dira azkenaldian.

16:30ean, Perfecto Miserable taldeak joko du. Batik bat Termonuclear kantu ezagunagatik dira ezagun musikariok —Youtuben sei milioi ikustaldi ditu abesti horrek—, eta haren erritmo dantzagarriak zuzenean aditzeko aukera izango da Donostian, hortaz. 

17:50ean Sonido Gallo Negro talde mexikarrak jarriko du dantzan Kristinaenea, cumbia doinuekin. Biran ari dira, eta Kanada eta Ameriketako Estatu Batuetatik igaro eta gero iritsiko dira Donostiara. Emanaldi hori bukatutakoan, The Safety Pinsenek joko du. Orain 30 urte sortu zen taldea, 1996an, Bilbon, eta, ordutik, Euskal Herrian barna zabaldu dute punk-rock musika. Iruñerriko Maruxak taldeak emango dio amaiera egunari. 20:10ean ekingo diote ikuskizunari, eta, beste behin, trabestismoaren eta euskal tradizioaren uztarketa taularatuko dute.

Denetariko musika eskaintza

Bigarren eszenatokia Hondamendi Sonikoa izango da. Musika eskaintza 12:40an hasiko da, Adur bikote artistikoarekin. Naroa Esturo eta Xabier Aguado gazteek osatzen dute taldea, eta duela hilabete eskas argitaratu zuten beren azken abestia: Ilunabar. 12:55ean, berriz, Siano eta Menina DJak arituko dira elkarrekin, Maleza aurkezten. Hip-hop, 00's, urban, reggaeton eta dancehall musikaz gozatzeko aukera egongo da, besteak beste, agertoki horren ingurumarietan. 

Eguerdi partean, Telmo Trenor eta Space Surimi artisten emanaldiek emango diote segida jaialdiari. Trenorren musika sorkuntzek rhythm and bluesa, elektronika, perkusio futuristak eta erritmo tropikalak nahasten dituzte, besteak beste, eta, oraingo honetan, etxean joko du, Donostiakoa baita DJa. Bestalde, Cadiztik (Espainia) etorrita joko du Space Surimi taldeak. Zehazki, kaleko kultura, underground doinuak eta Miami Basseko musika diskoa uztartzen dituzte Mc Eddie Coopermen abeslariak eta Carlboroz ekoizleak.   

16:45ean, Somadamantina ikusteko aukera izango dute jaialdira joaten direnek. Cristina Rodriguez abeslari eta DJa dago izen artistiko horren atzean. Madrildarra da, eta musika urbanoaren eta traparen aurrendarietako bat da Espainian. 

Baetchu DJaren txanda izango da haren segidan. Euskal herritarra izanagatik, Granadan (Espainia) aritu ohi da, eta pisu handia lortu du azken urteetan eszena horretan, bassa, speed dembowa eta reggaetona nahastuz eratutako sesioekin.

Egunari amaiera emateko, 18:30ean, Amaia Yaniz DJak musika elektrikoa ipiniko du, eta Lechuga Zafiroren ikuskizunaz ere gozatu ahalko da gero. Pablo de Vargas uruguaitarra dago ezizen horren atzean. 2012an hasi zen DJ lanetan, tradizio afro-uruguaitarreko danborrek sortutako lilurak bultzatuta, azaldu izan duenez.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA