Memoria historikoari begiratzeko bi proposamen bateragarri egin dituzte Carla Filipek eta Taxio Ardanazek

Lengoaia grafikoaren eta irudikapen politikoaren gainean egindako lana bildu dute bi artistek 'Kooperatiba' erakusketan, Tabakaleran, Donostian. Iraganari begiratzeko bi moduren arteko bateratze lana proposatu du Angel Calvo Ulloa komisarioak.

Taxio Ardanaz, Angel Calvo Ulloa komisarioa eta Carla Filipe, Tabakalerako erakusketan. Atzean, Filiperen lan batzuk. GORKA RUBIO / FOKU
Taxio Ardanaz, Angel Calvo Ulloa komisarioa eta Carla Filipe, Tabakalerako erakusketan. Atzean, Filiperen lan batzuk. GORKA RUBIO / FOKU
mikel lizarralde
Donostia
2026ko uztailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iraganari eta hark sortutako dokumentazioari begiratzeko bi modu proposatu dituzte Carla Filipek (Vilanova da Barquinha, Portugal, 1973) eta Taxio Ardanazek (Iruñea, 1978), hainbat mugimendu sozial eta politikok sortutako artxiboak eta materialak aztertzeko bi begirada. Ezberdinak baina osagarriak. Horren lekuko eta testigantza da Kooperatiba, izenburutik bertatik elkarlanaren ideia lehen planora ekartzen duen eta Filipek nahiz Ardanazek Donostiako Tabakalera zentroan jarri duten erakusketa. 2027ko urtarrilaren 10era arte egongo da ikusgai.

Aurretik bi artistekin lan egindakoa da Angel Calvo Ulloa komisarioa, eta adierazi du bi sortzaileen arteko elkarlanaren sustatzea dagoela erakusketaren oinarrian, nahiz eta bakoitzaren izaera bere horretan gordetzen duen erakusketak: «Artista autonomoak izan arren, akordio bat dago bien artean. Eta Kooperatiba izenburuak ere horri egiten dio erreferentzia. Hitzaren erro latindarrari heltzen badiogu, kooperatzeak ez du esan nahi biek bat egin behar dutenik, baizik eta prest egon behar dutela elkarrekin aritzeko ezberdintasunak gorabehera». Kooperazioa erakusketaren ardatzetako bat izanik, Tabakalerako erakusketa areto nagusia bitan banatzen duen hallean artxibo konpartitu bat paratu dute, artistek eta komisarioak erakusketarako propio prestatutakoa, eta erakusketa atontzeko lan prozesuan baliatutako dokumentu eta materialetan oinarritutakoa. 

Filiperen lanak ikuspegi kritikoz aztertzen ditu artearen, herri kulturaren eta aktibismo politikoaren harremanak, eta horretarako agiri historikoak, Krabelinen Iraultzaren ikonografia, kartelak, argazkiak eta beste erabiltzen ditu, askotan collagearen edo fotomuntatzeen bitartez. Hain zuzen ere, hallaren albo bateko areto handian, landa eremuko emakume langileen rola eta haiek kontakizun ofizialetatik kanpo utzi izana aztertzen dituzten hainbat obra jarri ditu. Eta horretarako artxiboaz baliatu da: «Artxiboak konfrontazio baten moduan funtzionatzen du. Gertaera bat ez ezagutzean, artxibora jotzen dut informazio bila, eta hori baliatzen dut. Baina nire asmoa ez da artxiboaren ideia bat inposatzea, baizik eta jendeak gogoeta egin dezala nire lanaren bitartez».

Hain zuzen ere, bere obretan iraganari begiratzen dio Filipek, askotan ezkutuan gelditu den horri erreparatzeko. Aretoko horma batean kokatutako sei paneletan, emakume anonimoak ageri dira, Portugaleko iraultzaren ondoren nekazaritza erreforman aritu zirenak. «Emakume anonimoaren inguruan egiten dut lan, heroikoa ez den emakume horren gainean. Emakume hauek ez dira izen-abizenekin ageri, baina kolektiboaren parte dira». Feminismoak berak kontuan izan ez edo baztertu dituen emakumeak dira lanotan ageri direnak, Filiperen arabera: «Feminismoak hiriko emakumeari, emakume poetari hitz egin dio, eta muin horretatik kanpo egon da emakume nekazaria. Zorionez, azken urteetan emakume horiei merezi duten lekua ematen dieten ikerketak ugaritzen joan dira».

«Nire asmoa ez da artxiboaren ideia bat inposatzea, baizik eta jendeak gogoeta egin dezala nire lanaren bitartez»

CARLA FILIPE Artista

Paneletako batean Maria de Lourdes Pintasilgo 1979ko abuztutik 1980ko urtarrilera bitartean Portugalgo Lehen Ministro izan zenaren argazkiak azaltzen dira, eta «memoria falta» azpimarratu du artistak hari buruz hitz egitean. «Portugalek izan duen aurreneko lehen ministro emakumea izan zen, baita bakarra ere, eta Margaret Thatcherrekin batera, aitzindaria izan zen arlo horretan Europan. Baina gaur egun figura ahantzia da».

Erakusketa aretoaren erdian, emakume alaien argazkiak dituzten kuxinez osaturiko instalazio bat dago, eta irudi horietan ageri den «poztasuna» nabarmendu du Filipek: «Ospakizun irudia da. Gerora, esperientziak porrot egingo zuen, baina ametsaren poztasuna ageri da hor». Horri lotuta, erakusketak 1974ko iraultzari erreparatzen badio ere, nekazaritza erreforma egin zuten emakumeen inguruko historiografia zehatz bat ez dela existitzen azaldu du Filipek. 

Erakusketa aretoaren beste aldean, berriz, 1933tik 1974ra arteko Portugalgo diktaduraren azterketa espezifiko bat bultzatzeko xedez sortutako lana ipini du ikusgai Filipek. Propagandaren eta iturri ofizialen iruditeria erabiltzen du, eskuz idatzitako testuak eta argazkiak serigrafiaren bitartez uztartuz, «menderakuntza egitura bat» islatzeko. 

Carla Filiperen erakusketa Tabakaleran
Carla Filipek erakusketan kokatu dituen paneletako bi. GORKA RUBIO / FOKU

Artistak bi obra sortu ditu erakusketarako. Mental Archive: Perspectivas sobre a assimetria de genero no trabalho rural lanean, artistak dokumentuei eta esperientzia pertsonalei lotutako oroitzapenak berreskuratu ditu hiru brodaturen bitartez. «Denborarekin eta interpretazioen bitartez jasotako materia norberaren oroitzapenekin nahasten da lan horietan».   

Ella esĂ¡ aqui. Afirmaçao da invisibilidade da mulher no Portugal pĂ³s-revolucionĂ¡rio lana egiteko, bestalde, hemerotekako ebakinez osatutako artxibo komun bat sortu du oihal handien gainean. Filipek bere ibilbidean biltzen joan den ebakinak dira, eta, komisarioak azaldu duenez, «agerian uzten dute ezinezkoa dela narratiba historiografiko bakar bat sortzea, eta zalantzan jartzen dute artxiboaren balioa egiaren iturri gisa».

Ideologia, errepresentazioa eta memoria

Filiperenak bezala, Taxio Ardanazen lanak ere memoriari erreparatzen dio, eta, hain zuzen, «ideologiaren, errepresentazioaren eta memoriaren artean sortzen diren tentsioak» ditu ardatz, Calvo Ulloak azaldu duenez. Erakusketako gune konpartituan, hallean, artistaren lan piktorikoa elikatu duen artxibo materiala —opariak, argazki pertsonalak eta beste— kokatu dute, Ardanazek berak adierazi duenez, «memoriak artxibo forma» duelako. «Nik beti esaten dut margora modu esperientzialean gerturatzen naizela. Tokian bertan egiten dut lan, in-situ, hori da nire lan egiteko modua, eta landa lanaz eta bideaz besterik ezin dut hitz egin».

Izan ere, Tabakalerako erakusketan azken hogei urteotan egindako lanen berrikuspen bat proposatzen du Ardanazek, eta berrikuspen horren oinarrian munduko hainbat tokitan sortutako lanak daude: «Tabakaleran bertan egindako egonaldi batean sortutako lanak daude, baina baita Kuban, Austrian eta Mexikon egindakoak ere. Toki bakoitzeko zerbait dago, eta toki horietako bakoitzean sortutako horrek egin nau ni neu».

Taxio Ardanazen erakusketa Tabakaleran
Taxio Ardanazen obretako bat. GORKA RUBIO / FOKU

Ardanazek bi instalazio jarri ditu ikusgai erakusketan. Batek, erakusketa aretoko ezkerreko nabea osorik hartzen duenak, 2008tik hona bitarteko bere pintura lana berrikusten du. Forma, tamaina eta kolore ugari nahasten dira luze-zabal atondutako obretan, eta «eszenaratze jakin bat» proposatzen dute: «Beti esaten dut nire lan egiteko modua oso kooperatibista dela, oso kolektibista, pintura forma ugari ageri direlako nahasita baina haien artean lotuta». Azaldu duenez, lan horiek bata bestearen ondoan izaten dira estudioan, baina hierarkiarik gabe. «Erakusketan denetarik dago, baina obren artean sortzen den harreman berri hori interesatzen zait. Ez dago balio hierarkiarik, eta bai, ordea, obren arteko harreman bat, eta hori bera da nik artearen munduan egiten dudan proposamen politiko eta pertsonala». Lan piktorikoa biltzen duen aretoan, erdi ezkutuan dagoen gela txikian HE-ROI-CA (2017) ikus-entzunezko pieza jarri dute; lan horrek 36ko gerra berraztertzen du. 

«Ez dago balio hierarkiarik, eta bai, ordea, obren arteko harreman bat, eta hori bera da nik artearen munduan egiten dudan proposamen politiko eta pertsonala»

TAXIO ARDANAZ Artista

Erakusketarako beren-beregi sortutako Kooperatiba instalazioa ere jarri du ikusgai Ardanazek Tabakaleran. Pieza eskultoriko batek eta pankarta modura zintzilikatutako bi oihalek osatzen dute, eta, artistak azaldu duenez, orain arte —«diru eta denbora faltagatik»— aurrera eraman ezin izan dituen proiektuei heltzen die. «Obra honetan zera interesatzen zitzaidan, arlo estetikoarekin lotuta egonda ere, mugimendu politiko edo sozial batzuekin harremana duten ideologiak irudikatzea, nahiz eta hasieran identifikaezinak diren».

Taxio Ardanazen erakusketa Tabakaleran
Taxio Ardanaz, azken hogei urteotan egin dituen obra batzuk atzean dituela. GORKA RUBIO / FOKU

MINTEGIA EGINGO DUTE URRIAN

Erakusketaren osagarri, jarduera programa zabala prestatu du Tabakalerak. Urriaren 15etik 18ra, Kooperatiba mintegia egingo dute erakusketako lanek jorratzen dituzten gai jakin batzuei buruz gogoeta egiteko. Askotariko diziplinen topaketa eta gurutzaketaren bidez lan horietan sakontzea izango da helburua, baita artistek proposatutako ideiei buruz eztabaidatzea ere: lan mundua, aldi iraultzaileak, artxibo formatuan gordeta gelditu den memoria eta elkarlana. Bestalde, urritik abendura bitartean erakusketari lotutako zinema zikloa programatuko du Tabakalerak. Bertan, erakusketa proiekturako erreferentzia izan diren zenbait film proiektatuko dituzte.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA