«Ezin dugu ehiza arrazista normalizatu». Hiritarron Harrera Sareak irmo gaitzetsi du atzo Donostiako Mandasko Dukearen pasealekuan —Egia auzoan— gertatutako eraso arrazista: kalean eserita zegoen migratzaile bat aire konprimituko arma batekin tirokatu zuten eguerdian, aurrean zen eraikineko balkoi batetik, jakinarazi dutenez. «Hiru tirok jo zuen: bik bizkarrean eta batek masailean. Osasun arreta behar izan zuen zaurien ondorioz», zehaztu dute.
Atzokoa hilabete gutxian Donostian izandako halako bigarren erasoa da. Hiritarron Harrera Sareak jakinarazi duenez, udan Alde Zaharreko balkoi batetik tiro egin zioten beste pertsona bati bizkarrean. «Donostian, migratzaileen kontrako gorrotoa urrunegi iristen ari da. Ezin ditugu eraso hauek normalizatu. Are gutxiago, beste alde batera begiratu», adierazi dute.