Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak arreta «gizatiarragoa eta integralagoa» eskatu du bularreko minbizia dutenentzat

Elkarteak aurten ere ‘Arduratzen gaitu’ leloa erabili du Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Azpimarratu dute behar batzuk tratamendu medikotik «askoz haragokoak» direla.

Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunean jarritako mahai informatibo bat, Donostian, 2022an. JON URBE / FOKU
Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunean jarritako mahai informatibo bat, Donostian, 2022an. JON URBE / FOKU
Julen Ugartemendia Carcedo
2026ko urriaren 19a
16:29
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur. Hori dela eta, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak, iaz egin zuen moduan, Arduratzen gaitu leloa erabili du aurten ere, eta azpimarratu du bularreko minbizia dutenek «bizi duten guztiaz» arduratzen dela. Horrez gain, eskaera argi bat egin du elkarteak aurten; izan ere, arreta «gizatiarragoa eta integralagoa» eskatu du, gaixotasunari erantzuteaz gain bularreko minbizia diagnostikatzeak dakartzan eragin «emozionalei, familiarrei, sozialei eta laboralei» erantzuteko. Nabarmendu dute kasu bakoitza desberdina dela eta «nork bere esperientzia» duela, eta tratamendu medikotik «askoz harago» doazen beharrak daudela. 

Bularreko minbiziaren eta haren prebentzioaren inguruan kontzientziatzeko hainbat ekintza antolatu ditu Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak. Gipuzkoako hainbat kirol zentrotan, hirugarren urtez jarraian, ekintza bat egin du: leku publikoetako aldageletan, norbere bularra urratsez urrats nola miatu adierazten duten kartelak itsatsi dituzte. Ekintza horren helburua da kontzientzia sortzea hilean behin norbere bularra eta besapeak aztertzeak duen garrantziaren inguruan. Dena den, elkarteak azpimarratu du automiaketak ez dituela aldizkako azterketak eta mamografiak ordezkatzen, eta edozein susmo izanez gero medikuarengana joatea gomendatu ohi dela. 

Kirol zentroetan egingo duten ekintza horrez gain, bi topaketa egingo dituzte Zarauzko Emakumeen Etxean, «elkarrekiko laguntza sustatzeko» eta «autozainketaren garrantzia nabarmentzeko». Lehena urriaren 22an egingo dute, 17:30ean, eta bularreko minbizia duten emakumeei dago zuzenduta; bigarrena, berriz, azaroaren 5ean izango da, 17:30ean, eta bularreko minbizia dutenen senideei eta laguntzaileei dago bideratuta. Izen ematea doakoa da.

Emakumeen artean gehienbat

«Bularreko minbizia emakumeen osasun arazo nagusietako bat da, baita osasun publikoko erronka garrantzitsua ere». Hori dio Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak. Izan ere, elkarteak nabarmendu du gehienbat emakumeei eragiten diela bularreko minbiziak. Gizonetan ere ager daiteke; elkarteak dioenez, kasuen %1 gizonenak dira. 

«Errealitate horrek justifikatzen du prebentzioa, diagnostiko goiztiarra eta bularreko minbiziaren ikuspegi inklusiboagoa, hurbilagoa eta pertsonengan zentratuagoa bultzatzen duten kanpainak sustatzea», adierazi du elkarteak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA