Musika

Nazioarteko artistak eta euskal musikariak izango dira Boga Boga jaialdian

Festibala hilaren 10etik 13ra egingo dute Donostiako zenbait lekutan. Besteak beste, Sebastien Tellier, Bodega, Merina Gris, Alice Phoebe Lou eta Mursego ariko dira.

Merina Gris Donostiako hirukoteak larunbatean joko du Miramar jauregian. JON URBE / FOKU
Merina Gris Donostiako hirukoteak larunbatean joko du Miramar jauregian. JON URBE / FOKU
mikel lizarralde
2026ko irailaren 5a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Laugarren aldia izango du aurtengoa Donostiako Boga Boga musika jaialdiak, eta, aurreko urteetan bezala, antolatzaileek apustu garbia egin dute oraingoan ere. Makrokontzertuen joerari aurre eginez, goxotasuna bermatzen duten lekuetan eta aretoetan izango dira emanaldiak, Miramar jauregian, Easo plazan eta Dabadaba aretoan zehazki, eta, ohi bezala, nazioarteko musikariekin batera, euskal talde eta bakarlari ugari ere izango dira. Dabadabak berak eta Gin Musica ekoiztetxeak antolatzen dute Boga Boga, eta hilaren 10etik 13ra izango da; ostegunetik igandera, alegia. 

Miramar jauregiaren inguruetan egingo dituzte ordainpeko kontzertuak, ostiralean eta larunbatean, eta egun horietako bakoitzean sei artista ariko dira zuzenean. Lehenengo eguneko programazioa Mursegok irekiko du 18:00etan, eta, jarraian, estilo eta jatorri ugaritako musikariek emango dituzte kontzertuak. AEBetako Bodega taldeak, adibidez, post-punkean du oinarria, eta haren musikak energiaz beteriko gitarrak eta erritmo dantzagarriak uztartzen ditu. Alice Phoebe Lou abeslari eta gitarrista hegoafrikarrak, berriz, dezenteko oihartzuna lortu du indie-folka eta pop etereoa biltzen dituen bere proposamenarekin. 

Rachid B musikari marokoarra Madrilen bizi da, eta iaz, 50 urterekin, kaleratu zuen bere lehenengo diskoa, El Ghorba, sustraiak Afrika iparraldeko musikan eta folk anglo-saxoian dituen lan aipagarria. Oso bestelakoa da Espainiako Cervatana taldearen proposamena; izan ere, teknoaren eta krautrockaren artean mugitzen da, eta flamenko ukituak ere baditu, batez ere Dandy Piranha kantariaren abesteko moduagatik. Lucia Plak itxiko du eguna bere elektronika esperimentalarekin.

Lehendabiziko eguneko eskaintza askotarikoa izango den arren, bigarren egunekoak, bere ugaritasunean, gehiago joko du alderdi elektronikora. Merina Gris taldearekin batera, Sebastien Tellier musikari frantziarra izango da gaueko izen handienetako bat. Air taldeak eman zuen ezagutzera 1990eko hamarkadan, eta orduz geroztik french house-aren eta elektro-poparen ikur nagusietako bat bilakatu da Europa osoan. Pop elektronikoa egiten du Rubio txiletarrak ere, eta Alai tolosarrak ere elektronika eta popa uztartzen ditu, modu emozional batean uztartu ere. Ana Roxanne estatubatuarrak ambient giroko elektronika eskainiko du, eta MYD DJ frantziarrak, berriz, french house eta indie-dance saioa. 

Doako saioak

Ordainpekoez gain, doako kontzertuak ere izango dira Boga Boga jaialdian, Easo plazan zehazki. Hilaren 12an, Rudiger, Kulata, Lorea Argarate, Labar, Remei de Ca La Fresca eta Mala Gestion ariko dira; eta 13an, berriz, Zeatikez, Barrrk, Juan Tatorri, Julia Sabate, Gailu eta Marte Lasarte. 

Dabadaba aretoak ere jaialdiko bi saio jasoko ditu. Lehenengo egunean, ostegunean, inaugurazio festa egingo dute Dolphin Love-rekin; eta larunbatean DJ saioa izango da Yung Prado, Laura Jett eta Mancirekin.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA