Hamahirugarren urtea da Oiartzungo Ehuntze sormen gunean 21 Aulki izeneko ekinbidea antolatzen dutena. Sortu zutenetik, egitasmoak helburu argiak izan ditu; besteak beste, artearen dinamikak herritarrekin modu parte hartzailean lantzea, eta emakume artisten lana ezagutaraztea. Gaur beste aldi bat hasi dute Oiartzunen; izan ere, Noraeza eta bidea erakusketa kolektiboa inauguratu dute, eta bi artista liburu aurkeztu dituzte. Erakusketa azaroaren 13ra arte egongo da ikusgai, eta horrek iraun bitartean beste zenbait jarduera egingo dituzte.Â
Metrokoadroka kolektiboak antolatu du proiektua. Erakusketaren izena Noraeza eta bidea da, eta aurkeztu duten liburuetako batek ere izen hori du. Hainbat artistak sortutako obrak daude ikusgai erakusketan eta liburuan. Besteak beste, Allende Arnaiz, Idoia Beratarbide, Alaia Gaztelumendi, Ainara Lasa, Maite Gurrutxaga eta Aitor San Roman artistek lan egin dute proiektuan.Â
Aurkeztu duten beste liburua Hilotzen trama da. Onintza Etxebeste artistak Ehuntzen gunean iraganean egindako erakusketa batekin lotuta dago. Haren obraz gain, hurrengo idazleen testuak irakur daitezke liburuan: Oihana Arana, Goiatz Labandibar, Karmele Mitxelena, Olatz Mitxelena eta Itziar Ugarte.
Aurkeztu dituzten bi liburuak Artemugarri izeneko bildumako bi ale berri dira.Â
Instituzioei kritika
Metrokoadroka kolektiboak nabarmendu du urtero bi erakusketa eta bi liburu landu dituztela 21 aulki egitasmoan. Aurtengo udaberrian Etena izeneko erakusketa aurkeztu zuten, baina ezohiko era batean; izan ere, hutsik inauguratu zuten.Â
Proiektuak ordura arte jasotako babes instituzionala kontuan izanda, nabarmendu dute «beherakada handia» izan zela. «Etena erakusketaren bitartez, ezintasunari forma artistikoa ematen saiatu ginen. Antolatuko ez ziren ekitaldien egitaraua argitaratu genuen, eta erakusketan galdera bat jarri genuen, horma batean: 'Zer da kultura zuretzat?'», azaldu du Metrokoadrokak. Azpimarratu dutenez, ekinbideak «oihartzun handia» izan zuen Oiartzunen eta Euskal Herrian.
Noraeza eta bidea izena aukeratzearen arrazoia ere esplikatu dute: «Alde batetik, Etena erakusketak noraezean murgildu gintuen; bestetik, erakutsi nahi izan dugu bidea topatzeko ahaleginean jarraitzen dugula, nahiz eta kulturgintzan zailtasunak izan». Â