Shamonda birusaren kasu bat atzeman dute Gipuzkoan

Donostia-Beterriko behi ustiategi batean detektatu dute, eta Euskal Herrian atzemandako lehen kasua da. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak jakinarazi dute birusa ez dela animalietatik pertsonengana transmititzen.

Esnetarako behi bat, etxalde batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Esnetarako behi bat, etxalde batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Eneko Imaz Galparsoro
2026ko urriaren 26a
12:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udaz geroztik Europako hamahiru herrialdetan atzeman dituzte Shamonda birusaren kasuak, eta gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri du Euskal Herrira ere zabaldu dela: Donostia-Beterriko behi ustiategi batean detektatu dute, lurraldean egin ohi dituzten gaixotasunen zaintza epidemiologikoko lanen barruan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak «lasai egoteko» eskatu die herritarrei, ez baitago frogarik birusa animalietatik pertsonengana transmititzen dela: «Ez da transmititzen haragia, esnea edo behietatik eratorritako produktuak kontsumituz gero; beraz, herritarrentzako arriskua oso txikia da». Gainera, jakinarazi dute Donostia-Beterriko behi ustiategian bertan eta Gipuzkoako besteetan ez dutela beste kasurik atzeman.

Birusak behiei eragiten die bereziki, eta ekar ohi dizkien sintomak sukarra, sabeleko mina eta esne ekoizpena murriztea izaten dira. Heriotza tasa oso baxua du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak lurralde osoko ustiategiei eskatu die animalien zaintza epidemiologikoa indartu dezatela, eta, birus horri lotuta, gomendatutako zaintza neurrien inguruko informazioa bidali die. Besteak beste, abeltzainei eskatu diete intsektuen aurka —Shamonda birusa eltxo baten bidez transmititzen da— neurri zorrotzak hartu eta erditzear dauden animaliak zaindu ditzatela, birusak ugalketan izan ditzakeen ondorioez jakitun.

Frantziako kasua

Shamonda birusa Nigerian atzeman zen lehen aldiz, 1960ko hamarkadan. 2026ko udan detektatu zen lehen aldiz Europan, eta Shamonda-Europe aldaera gisa identifikatu zuten. Frantzian, immunodepresio handiko pertsona bati atzeman diote birusa duela gutxi; urri hasieran hil zen. Bertako agintariek, ordea, «salbuespen» gisa sailkatu dute gertakari hori: «Oraindik ezin da kausa-efektu erlaziorik ezarri, eta pazientearen osasun egoeraren eta birusaren lotura ikertzen ari dira oraindik».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA