Asteburuko proposamena

Skateboardinga plazaratuz

IrunGoSkateFest proiektua aurkeztuko dute gaurtik larunbatera bitarte Irunen. Skateboardinga ezagutaraztea da sortzaileen helburua.

Irungo skate parkea, artxiboko irudi batean. OARSOALDEKO HITZA
Irungo skate parkea, artxiboko irudi batean. OARSOALDEKO HITZA
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko azaroaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pertsona bat ohol gurpildun baten gainean jarrita lur gogor batean higituz egiten den kirola da skatinga edo skateboardinga. Bada, hain justu, kirol horrek batu ditu Asier Fagoaga eta Aritz Irazoki. Skateboardingaren zalea da bata, eta skaterra bestea, eta, pasio berak bultzatuta, IrunGoSkateFest proiektua sortu dute. Irungo Udalaren (Gipuzkoa) babesa jaso dute bi gazteek, eta gaurtik igandera bitarte egingo dute inaugurazioa, Irunen. Hamaika jarduera antolatu dituzte hiru egunetarako.

Bidasoan skateboardingaren kultura berreskuratzea, indarberritzea eta ezagutaraztea da sortzaileen helburua, baita skatingaren kulturarekin harremanik ez dutenei kirol horren berri helaraztea ere. Izan ere, sortzaileek iritzi diote skateboardinga ez dela instalazio zehatzetan egiten den kirol bat soilik: «Adierazpide bat eta komunitatea sortzeko tresna bat ere bada. Hau da, adiskidetasunak, elkarrekiko esperientziak, proiektu kolektiboak eta hiriarekin harremanak izateko modu berriak sortzeko gai den jarduera bat da».

Haien helburua sustatzeko, erakusketa bat ondu dute, zeina Irungo CBA Kultura eta Sorkuntza Zentroan egongo den ikusgai gaurtik urtarrilaren 9ra bitarte. Fagoaga bera argazkilaria da, eta haren eta Pablo Riberaren argazkiak bildu dituzte bertan, antolatzaileek ohar bidez azaldu dutenez, «skate kulturaren askotariko begirada eta momentuak erakusteko». Horrez gain, eskualdean skateboardingaren inguruan sortutako enpresen historia ere laburbildu dute. Garikoitz Murua GKo Gallery estudioko kidea arduratu da komisariotza lanak egiteaz.

Erakustetan, gainera, nahi duen orok skateak pertsonalizatzeko aukera izango du, horretarako lantegi bat jarriko baitute, eta apaindutako skateak erakusketan txertatuko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek. Ikus-entzunezko askotariko dokumentuak eta skateak muntatzeko tresnak ere izango dira.

Hiru eguneko egitaraua

Gaur inauguratuko dute IrunGoSkateFest proiektua, CBA zentroan. 17:00etan abiatuko da, ordu erdiko irekiera ekitaldi batekin, eta, ondoren, Ribera argazkilariak bere ibilbidearen, industriaren eta komunitatearen gaineko hitzaldi bat emango du. Hark amaitu ostean, beste hitzaldi bat izango da segidan: autogestioaz eta DIY kulturaz mintzatuko dira Xabi Murua eta Imanol Muñoz. Javi2 DJak emango dio amaiera egunari.

Irungo Toki Alai eskolan hasiko da biharko lehenengo jarduera: haurrentzako skate tailerra egingo dute, 17:15ean. Jarraian, Javi2 DJak girotuko du arratsaldea, 18:30ean, eta bi hitzaldi izango dira segidan —ordubete iraungo du bakoitzak—. 19:00etan hasiko da lehenengoa, Alain Kortabitarte eta Ian Campbellen gidaritzapean, Auzoan patinatzetik munduan zehar patinatzera izenpean. Bigarrena, berriz, Julen Arizmendi Daibai skateboarding eskolaren sortzaileak gidatuko du, eta, besteak beste, skate inklusiboaz eta gizarte eraldaketaz hitz egingo du. Bihar ere Javi2 DJ-ak itxiko du eguna, 21:00etatik 21:30era egingo duen saioarekin.

Larunbatean, berriz, goizean egingo dituzte jarduera guztiak, eta emakumeek hartuko dute hitza. No Name Skate Girls taldeko neskak emakumezkoek skatebordingaren munduan duten presentziaren eta ikusgaitasunaren inguruan mintzatuko dira —11:00etan izango da, eta ordubete iraungo du—. Ondoren, Marcos Lozanoren txanda izango da. SNT4EVER elkarteko ordezkaria da, bai eta hirian skateboardingerako erabili diren tokiak kontserbatu eta berreskuratzearen aldeko ekintzailea ere; besteak beste, skate urbanismoaz eta autogestioaz hausnartuko du. Eta bi hitzaldiren ostean, aurreko egunetan egin bezala, Javi2 DJ-aren saioarekin emango diote amaiera inaugurazioari.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA