Taxilariek zerbitzua etengo dute Donostian gaur arratsaldean

Hiru orduko etena izango da, 18:00etatik 21:00etara, eta laurehun taxik etengo dute zerbitzua. Plataforma digitalen bidez jarduten diren ibilgailu gidaridunen «irregulartasunak» salatu nahi dituzte horrela; mobilizazio gehiago ere iragarri dituzte.

Zenbait taxi Donostian, artxiboko irudi batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Zenbait taxi Donostian, artxiboko irudi batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko irailaren 21a
15:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Taxilarien Euskal Federazioak iragarri du gaur ere zerbitzua etengo dutela Donostian eta inguruetan, 18:00etatik 21:00etara. Guztira laurehun taxik etengo dute zerbitzua gaur, ostiralean egin moduan. Plataforma digitalen bidez jarduten diren ibilgailu gidaridunen (IG) «irregulartasunak» salatu nahi dituzte horrela, baita administrazioen erantzukizuna azpimarratu ere: «Administrazioek ez dute irregulartasunak geldiarazteko neurri egokirik hartu».

Oharrean zabaldu dutenez, ostiraleko eta gaurko etenaldiak «mobilizazioz betetako egutegi baten hasiera» dira. «Horrelako ekintzak aldizka egingo dira, eta areagotuz joango dira administrazioek araudia betetzeko neurri eraginkorrak hartu arte, eta sektorean lehia berdintasunean oinarritutako baldintzak bete arte». Urriaren 7an manifestazioa egingo dute Donostian.

Oihartzuna izan dute ostiraleko eta gaurko etenaldiek; izan ere, Zinemaldia izaten ari da Donostian, eta taxirik gabe geldituko dira erabiltzaile asko. Gainera, Donostiako aireportura bidaiak egiten dituzten Hondarribiko eta Irungo taxilariek ere egingo dute etena, eta federazioak nabarmendu du protestak «izaera unitarioa» hartu duela lurralde osoan.

Taxilarien Euskal Federazioak azaldu du azken hilabeteetan egin diren ikuskapenak berretsi egin dutela Uber eta antzeko zerbitzuek ez dutela araudia betetzen, eta egoera horri emandako erantzunak ez direla nahikoak izan. Hori dela eta, «ikuskatze lanak indartzea» eskatu du federazioak, eta plataforma digitalei «erantzukizun handiagoz jardutea» galdegin die: «Ez ditzatela arauditik kanpoko zerbitzuak eskaini».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA