Uholdeak gertatu aurretik abisu emateko sistema bat sortu dute Pasai Donibanen

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatua (ezkerretik hasita hirugarrena) eta Teo Alberro Pasaiako alkatea (ezkerretik hasita bosgarrena), atzo, Pasai Donibanen ura ez sartzeko sistemaren alboan. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatua (ezkerretik hasita hirugarrena) eta Teo Alberro Pasaiako alkatea (ezkerretik hasita bosgarrena), atzo, Pasai Donibanen ura ez sartzeko sistemaren alboan. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Miren Mujika Telleria.
2026ko uztailaren 23a
21:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

Marea biziek kalte ugari eragin dituzte Gipuzkoako kostaldeko herri batzuetan. Pasai Donibanen, esaterako, itsasoaren gorakadari aurre egiteko sistema bat estreinatu zuten orain bi urte: murru bat jarri zuten bertako Santiago plazan, Euskal Herrian lehenengoz. Erraz jar eta ken daitezkeen plastikozko bloke batzuek osatzen dute murrua, eta bloke bat bestearen ondoan jarrita, urak gaindi ezin dezakeen horma bat osatzen dute, baldin eta urak murru horren altuera pasatzen ez badu. Orain, berriz, itsas jatorriko uholdeen aurretiko abisu sistema espezifikoa sortu dute gune horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren eta Pasaiako Udalaren ekimenez. AZTI zentro teknologikoa eta Euskalmet aritu dira garapen lanetan.

Jasangarritasun Departamentuak 26.900 euro erabili ditu ekimen horren lehen bi faseak garatzeko. Oraintsu amaitu dute lehen fasea, eta zera garatu dute, ilargi marea, olatuak, itsasoaren maila, portuko uraren mugimendua eta antzeko beste aldagai batzuk lotzen dituen formula matematiko bat. Formula horrek modua emango du jakiteko noiz dagoen uholde arriskua Santiago plazan eta inguruetan. Bigarren faseari ekitear dira, eta asmoa da orain artekoa baliozkotzea eta fintzea, bai eta sistema Euskalmeten iragarpenekin integratzea ere.

Sistemak honela funtzionatuko du: uholde arrisku handia antzematen duenean, Pasaiako Udalak komunikazio protokolo bat aktibatuko du, arriskuan egon daitezkeen herritarren ezaugarrietara egokituta. Informazioa udalaren webgunearen, sare sozialen, Telegram kanalaren eta udaleko informazio pantailen bidez zabalduko dute. Arriskua handia denean, informazio oharrak jarriko dituzte kaltetuak izan daitezkeen atarietan, eta Udaltzaingoak jarraitu beharreko pausoen berri emango die herritarrei.

«Larrialdiak saihestea da horiei aurre egiteko modurik onena. Prebentzioan inbertitzea, hain zuzen ere, arriskua iritsi aurretik pertsonak babestea da», esan du Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak. «Proiektu honek erakusten du zientziak, teknologiak eta erakundeen arteko lankidetzak herritarren segurtasuna hobetzeko eta gure udalerrien erresilientzia handitzeko tresna erabilgarriak garatzeko aukera ematen dutela klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko». 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA