Marea biziek kalte ugari eragin dituzte Gipuzkoako kostaldeko herri batzuetan. Pasai Donibanen, esaterako, itsasoaren gorakadari aurre egiteko sistema berri bat estreinatu zuten orain bi ure. Euskal Herrian lehenengoz erabili den murrua jarri zuten hango Santiago plazan. Erraz jar eta ken daitezkeen plastikozko bloke batzuek osatzen dute murrua, eta bloke bat bestearen ondoan jarrita, urak gaindi ezin dezakeen horma bat osatzen dute, baldin eta urak murru horren altuera pasatzen ez badu. Orain, berriz, itsas jatorriko uholdeen aurretiko abisu sistema espezifikoa sortu dute gune horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren eta Pasaiako Udalaren ekimenez. AZTI zentro teknologikoa eta Euskalmet aritu dira garapen lanetan.
Jasangarritasun Departamentuak 26.900 euro bideratu ditu ekimen honen lehen bi faseak garatzeko. Oraintsu amaitu dute lehen fasea, eta zera garatu dute, ilargi marea, olatuak, itsasoaren maila eta portuko uraren mugimendua bezalako aldagaiak lotzen dituen formula matematiko bat. Formula horrek modua emango du jakiteko noiz dagoen uholde arriskua Santiago plazan eta inguruetan. Bigarren fasearekin hastear dira, eta asmoa da orain arekoa baliozkotzea eta fintzea, bai eta sistema Euskalmeten iragarpenekin integratzea ere.
Sistemak hala funtzionatuko du: uholde arrisku handia antzematen duenean, Pasaiako Udalak komunikazio protokolo bat aktibatuko du, arriskuan egon daitezkeen herritarren ezaugarrietara egokituta. Informazioa udalaren webgunearen, sare sozialen, Telegram kanalaren eta udaleko informazio pantailen bidez zabalduko dute. Arriskua handiena den egoeretan, informazio oharrak jarriko dituzte kaltetuak izan daitezkeen atarietan, eta Udaltzaingoak jarraitu beharreko pausoen berri emango die herritarrei.
«Larrialdirik onena saihestea lortzen duguna da. Prebentzioan inbertitzeak arriskua iritsi aurretik pertsonak babestea esan nahi du», esan du Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak. «Proiektu honek erakusten du zientziak, teknologiak eta erakundeen arteko lankidetzak herritarren segurtasuna hobetzeko eta gure udalerrien erresilientzia handitzeko tresna erabilgarriak garatzeko aukera ematen dutela klima aldaketaren ondorioen aurrean».Â