PPren gobernuak komunikazio arazo bat dauka. Espainiari seriotasuna eman nahi zion gobernuak bere aurrekoek bezainbeste mezu nahasgarri eta kontrajarri eman ditu azken sei hilabete hauetan. Ministroek lasaitasunerako mezua eman nahi zuten, baina izua hedatu dute. Azkeneko adibidea, atzo bertan. Erruduna, hitz-jario errazeko ohiko susmagarrietako bat: Cristobal Montoro Ogasun ministroa. Espainiak azken asteotako zor jaulkipen garrantzitsuenetako bat egin aurretik, lasai asko bota du irrati batean merkatuen ateak «itxita» dauzkala eta laguntza beharko duela bankuentzat dirua lortzeko. Bonu horien truke pagatu behar duen interesa igo nahi bazuen, ongi aritu da Montoro; nazioarteko prentsa ekonomikoan titulu katastrofistak lortu nahi bazituen, bikain. Garesti bada ere, Espainia merkatuetan dirua lortzen ari dela esan nahi bazuen, ezin okerrago.
Ondoren, lasaitasun dosia espainiarrentzat: «Beltzezko gizonak ez dira etorriko». Berri txarrak ez ezik seriotasun apur bat ere eramango balute...
Hizpideak
Beltzezko gizonak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu