Zenbaki borobil batekin amaitu du 2011. urtea lan merkatuak: krisia hasi zenetik, langabezia bikoiztu egin da Hego Euskal Herrian. 2007. urtearen bukaeran zeuden 96.000 langabeei beste 96.000 gehitu zaizkie orain. Egia da horietako gehienak —ia 73.000— krisiaren lehen bi urteotan gehitu zirela, baina 2011n berriro enpleguaren galtzea bizkortu izana oso kezkagarria da. Batez ere ikusita gero eta langabe gehiagok amaitu dituztela langabezia sariak: jada %42 gizarte laguntzen menpe daude.
Eta are kezkagarriagoa da jakitea hasi berri den urteak are beltzagoa izateko itxura guztia duela. Ekonomia atzeraldian dago, eta urtearen bigarren erdian suspertuko dela esaten dutenek itxaropen hutsean oinarritzen dituzte beren iragarpenak.
Gauzak horrela, eta ikusita administrazio publikoen aldetik ekonomia bultzatzeko neurririk ez dela etorriko —zeharo lanpetuta daude guraizeekin—, oso zaila izango da hamabi hilabete barru gaurko tituluak errepikatu behar ez izatea.
Hizpideak
Borobila eta beltza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu