Hizpideak
Menurako, eurobonuak
Mahaikide berria dutela eseriko dira gaur afaltzera Europako Batasuneko buruzagiak. François Hollandek frantses ukitua eman nahi dio Europak aspaldi bere buruari eskaintzen dion austeritatearen plater hotzari. Milioi batzuk handik —Europako Inbertsio Bankutik— eta beste milioi batzuk hortik —EBren funtsetatik— aterata lortu du nahi du errezeta magikoa: kontu publikoen inguruko diziplinari hazkundea ere uztartzea. Osagai horiek betiko platerari gatz pixka bat gehitzea dakarten neurrian, sukaldari alemaniar-eskandinaviarrek ez diete eragozpenik jarriko. Baina besterik izango da Hollandek proposatzen duenean eurobonu batzuk ere gehitzea, periferikoen ahoetatik zapore mingotza leuntzeko. Hor, Merkel sukaldeburuaren ezezkoarekin egingo du topo. Denbora behar dute alemaniarrek nouvelle cuisine-a onartzeko; oparotasunaren garaian loditu zirenek argaltze dieta betetzen dutela ikusi arte behintzat. Beranduegi izango da agian, martxa honetan milioika herritarren bizi-baldintzak ere, euroa ere komuneko zulotik joango delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu