Ostiralean, zorraren krisiaren inguruan Europako Batasuna «irudi penagarria» ematen ari dela esatean, bete-betean asmatu zuen Jean Claude Juncker Luxenburgoko lehen ministroak. Asteburuko gertaerek ez dute ezer egin Europaren irudi hori hobetzeko. Batetik, bileraz bilera aritu arren, artean ez dute akordiorik hartu hartu beharreko neurriei buruz. Biharko super goi bilerarako plan bat izango dutela agindu dute, baina doinu hori hainbeste aldiz entzun ondoren, eszeptizismoa justifikaturik dago. Are gehiago ikusita erabaki ustez historikoen aparra pare bat egunotan desagerrarazten dutela merkatu ahalguztidunek.
Bestetik, nola garbi daiteke Europaren irudia agintariek elkarri trufa egiten badiote? Edozein hitzaldik baino gehiago esaten du Merkelen eta Sarkozyren irribarre sarkastikoak Italiari buruz galdetu zietenean. Merkozy pareak Berlusconi jendaurrean umiliatuz estali du bere ezintasuna, baina Milangoak ez du faktura pagatuko. Italiako herritarrek egingo dute, beren erretiroa atzeratuz. Penagarria.
Hizpideak
'Merkozy'-ren sarkasmoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu