Hizpideak
Patatak gure kontu
Hemerotekada politikoen etsai nagusietakoa, esandakoaren eta egindakoaren arteko desberdintasunak oso agerian uzten dituelako. Are gehiago gaur egun, saguaren klik bakarra nahikoa delako norberaren lotsak—edo lotsarik ezak— betikoratzeko. Cristobal Montororen kasuan, hemeroteka krudela izatera heldu da: «Ezezkorik borobilena eta irmoena ematen diogu BEZaren igoerari; krisia handituko du; ez da eraginkorra, ez duelako handituko diru bilketa; bidegabea da, langabeak, pentsiodunak eta familiak zigortzen dituelako; langabezia handiago ekarriko du, eta enpresa txikiak eta langile autonomoak itoko ditu». Hitz horiek bota zituen 2010eko martxoan, PPko gai ekonomikoetako arduraduna zenean. Orain, Espainiako Ogasun Ministerioan eserita, hari egokitu zaio iragartzea BEZa igo egingo duela. Lotsagorritu gabe, herritarrei berei egotzi die orain bere hitzak patatekin jan behar izatea: askok ez dute BEZik pagatzen, eta horregatik igo behar dute, ordaintzen dutenek gehiago ordaintzeko. Krudela hori ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu