Hotz handia egiten du Errusian, eta hotz are handiagoa egingo du hurrengo hilabeteotan. Baina kalean giroa berotzen ari da. Artean ez du «udaberri» ezizenik merezi, baina azken hamabi urteotan Vladimir Putinek eta haren eskumakilak, Dmitri Medvedev presidenteak, hainbat meritu egin dituzte, Mubaraken eta enparauen patua ez bada, behintzat herritarren haserrea entzuteko. Inor gutxi dago demokrazia lezioak emateko moduan, baina Errusian hitz horren itxuragabetzeak hainbat marka hautsi ditu. Azkena, joan den igandeko hauteskundeetan egindako iruzurra, eta hari erantzuteko Moskuko agintariek hartu duen ohiko bidea: manifestariei egurra ematea eta atzerriko konplota salatzea.
Baina gauzak aldatzen ari dira. Atzo azken hogei urteotako jendetza handiena elkartu zen Moskun, eta, behingoz, poliziak ikusle baizik ez ziren izan. Han ziren komunistak, liberalak, ultraeskuindarrak eta hiriburuko erdiko klaseak. Hauteskundeak berriro egitea eskatzen dute oraingoz, baina Putinen aroaren amaiera dute amets.
Hizpideak
Udaberri usaina neguan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu