Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

6 eta 1

2017ko martxoaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Barkatu, Martxelo, baina aste honetan futbolaz hitz egin behar dut, ezinbestean; sekulako balentria izan baita Barçak PSGren aurrean izan duen goraldia.

Paris Saint Germainen aurreko 6 eta 1eko hori metafora moduko bat izan zitekeen. Jakingarriena, ordea, ez da zer gertatu zen, baizik eta nola gertatu zen. Bizkor jokatu zuen ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteak,Twiterreko bere kontuaren bidez jakinarazi baitzuen huraxe zela ikasbidea. Pankarta ikusgarri bat ageri zen argazki bat jarri zuen, Bienvenue à la republique catalane (Ongi etorri Kataluniako Errepublikara) zioena, telebistako errealizadoreak ezkutatzen ahalegindu ziren huraxe.

Barçak irabazi egin zuen, irabaziko zuela sinetsi zuelako. Irabazi egin zuen, harmailakoak ere jokoan zeudelako, eta frantsesak estutu zituztelako zelaiko jokalariak ezinean zebiltzanean. Baina irabazi egin zuen, halaber, arbitroak borondate onez jardun zuelako —utz dezagun horretan—, zortea izan zutelako eta inork aintzat ez zeukan jokalari batek baloia atean sartu zuelako azkeneko txistu hotsak jo baino lehen.

Ia politikoa dirudi deskribapenak. Sinesmena. Jokalari onak. Bat egitea harmailakoekin, herriarekin. Kanpoko babes apur bat, premiarik handienean. Zortea. Eta konfiantza golegilearengan, edonor delarik ere.

Gauden abagunean egonda, halakoxea da, ia-ia, egoera politikoaren deskribapena. Gaur, elkarrizketa bat argitaratu dugu VilaWeb atarian, PC Alderdi Quebectarreko Jean François Lisee buruzagiari egindakoa, eta, hark dioenez, gu ez gara gai ikusteko gure herrialdetik eratorritako konfiantza eta uste sendoa. Horixe da sinestea. Estutu, berriz, gobernuaren jokalariek estutzen dute, baina harmailakoak beti daude prest kalera irteteko, eta zorte apur bat eta laguntzatxoren bat baino ez dugu behar gure aldeko penalti bat izateko. Arraroa dirudi orain, baina, beharbada, egun gutxi barru, arbitro posible bati buruz hitz egin beharko dugu. Eta seinale oso ona izango da. Aupa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.