Gari Berasaluze.
KALAPORTUTIK

Abuztua da Europan

2015eko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Mazedoniako mugako irudiak oihartzun handia ari dira izaten egunotan sarebideetan. Gerratik ihesi Europara heldu nahi duten milaka errefuxiaturen aurka gas negar-eragileak ari da erabiltzen polizia. Mozorroak kentzeko garaia da merkatuen egonkortasuna zalantzan dagoenean. Burtsak hondoratzen ari dira. Utikan giza eskubideak, balio etikoak, Europa solidarioa eta gainerako gezurrak. Kapitalismoan ez dago lekurik demokraziarentzat. Etekinak arriskuan baldin badaude, behar duenari eskua luzatu beharrean, astindu borra lasai, aurrean duzuna aitak lepoan hartuta negar batean datorren haurra baldin bada ere. Agindua da.

Hiztegiaren arabera, iheslaria edo errefuxiatua arrazoi politiko eta sozialengatik bere bizitokitik ihes egin eta beste leku batean babesa bilatzen duen pertsona da. Teorian, Nazio Batuek babesten dituzte iheslarien eskubideak, Genevako Hitzarmenean bildutako definizioan oinarrituta: «arrazagatik, erlijioagatik, herritartasunagatik, gizarte talde bateko kidea izateagatik nahiz iritzi politikoengatik jazarria izateko duen beldur bizia dela eta, bere herritartasunari dagokion lurraldetik kanpo dagoen pertsona da». Asilo eskubidea esaten zaio hainbat estatuk eta nazioarteko erakundek iheslarien eskubideak oinarritzat hartuta bermatu beharko luketenari, gero praktikan estatuen arteko interes ekonomikoak gailentzen diren arren beti, herritarren giza eskubideen gainetik.

Horrelakoetan, jendea mugitzea besterik ez da geratzen iheslarien eskubideak bermatzeko, estatuen interesei eta utzikeriari aurre eginez. Hassanna Aalia sahararraren edota Elita Edeh nigeriarraren kasuak ezagutu ditugu azken hilabeteotan. Baina asko izan dira urteetan zehar. Duela 21 urte, Manueltxo Goitia, Luis Mari Lizarralde eta Mikel Ibañez euskal errefuxiatuak estraditatu nahi zituen Uruguaiko gobernuak, Espainiak behartuta. Uruguaitarrak kalera atera ziren hiru euskal herritarren eskubideak defendatzera, polizia oldartu zitzaion jendetzari, eta tiroka hil zituen Fernando Morroni eta Roberto Facal. Montevideon urtero gogoratzen dute gertatutakoa. Herenegun ere 4.000 lagunek aldarrikatu zuten Fernandoren eta Robertoren oroimena. Oraindik elkartasunak badu esperantzarik. Bada kantinploraren bat basamortuan. Bitartean, abuztua da Europan. Oporretan daukagu kontzientzia, hemengo mugetan errefuxiatuak ostiatzen ditugun bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.