Poeta britainiarrari ausarkeriaz aurre eginez hasiko naiz: abuztua da hilabeterik krudelena. Hala ere, Eliotek apirilari egozten zion izaeraren justu kontrakoa egotziko nioke nik abuztuari; harentzat apirila esnatze bortitz bat bazen, lozorro epel bat da niretzat abuztua, eta, jakina, alderik badago egon esnatzetik lokartzera. Ni neu zatia gehiago beldurtzen naute lozorroak eta ahanzturak.
Abuztua parentesia da izatez, linboa, zulo bat kalendarioan. Jende gehientsuenak edukiko ditu pare bat aste bederen lanetik kanpo, eta gehienek, nik uste, baliatuko dituzte deskantsatzeko, ihesteko, deskonektatzeko. Izan ere, han-hemenka sarri entzuten zaio edonori geroz eta sarriago, niri iruditu deskantsu bat nahiko lukeela, deskonektatzeko beharra daukala, ihestekoa, eta abuztuak jartzen du hori esku-eskura. Barnealdeko herri hutsen hilabetea da abuztua, atzerrirako bidaiena, herriko festena eta bestondoena, hondartzako lo-kuluxkena, eta horiek guztiek dakartenarena. Gure mundu honi, martxan jarraituko badu, behar-beharrezkoa zaion zerbait da abuztua: urte guztia lanean pasa duenak jakin dezala izango duela pare bat asteko arnasaldia nahi duena egiteko, bizitza lasaiago hartzeko, urteko arazoez ahazteko, berriz ere lanera itzuli aurretik.
Abuztua da hilabeterik krudelena, dudarik ez da, mundua guztiz geratzen dela irudi balezake ere, munduak ez duelako sekula deskantsurik hartzen. Geu gara geure oporraldietan lasai-lasai egon nahi dugunak, ardurarik batere gabe; izan ere, urtean hilabete edukiko lanetik kanpo eta ardurekin hastea nori okurritzen zaio, ezta? Faborez, bakean uzteko eskatzen dugu behin eta berriro.
Jakinekoa da albisteak ez direla berdin irakurtzen hondartzan eta lantegiko deskantsuetan, eta badirudi urtean zehar burua hartzen diguten kezkak hondoratu egiten direla denboraldi batez hondar bustitan. Horregatik, esaterako, asko eguzkitan harrapatuko zituen atzo Kepa del Hoyo euskal preso politikoaren heriotzak, bizitza erdia espetxean igarota bihotzeko batek jota hil zena Badajozko kartzelan, eta eguzkitan pasatuko zuten askok egunkariaren orria, batzuk agian suminduta, beste batzuk agian biraoren bat ahoratuta, eta beste batzuk oporraldiari zapore mikatza eman dion albisteaz kexu. Askok, segur aski, ez dute oraindik albistearen berri izango.
Hilabetez tokatzen zaigu abuztuan bizitzea, eta hilabetez Alazneri eta niri eskaini diguten espazio hau betetzea. Izango ahal dira gure hitzak hilabete krudel honen kontraesanak azaltzeko gai: eguzki epeletan laino eta txankletek egindako zaurietan ur gazi, alegia.

GAUR GERO
Abuztua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu