Ilunsentiarekin, liburu-denda batean sartu eta Gandiagaren Denbora galdu alde eskatu du. Gogoaren flakia handiz dabil aspaldian, eta flakiaz dabilelako, kontzientzia zimikoka ari zaio denborari etekin etengabeak ateratzeko demandan. Jasotako edukazio judeo-kristau estuaren ziztadak dira, eta Gandiagaren liburuak patxada biltzen lagunduko diola esan diote. Oso ona dela, gogo-esturatik bihotz-baretasunera egindako bidaia; barne-sosegua jariatzen duela.
«Agortuta dago» esan dio liburu-zainak. Bezeroa lehen baino gogo-ilunago geratu da. Liburu onak ez dira agortzen, pasatu zaio burutik. Ez zaie esana ahitzen, ez dute misterioa galtzen. Baina ez du ezer esan. Ezker-eskuin begiratu du. Liburu gehienak argitaratu berriak dira, titulu batzuen aleak metatuta daude bata bestearen gainean. Askori laster agortuko zaio —agortuta jaio ez bada!— esateko daukana; bitartean, zenbat liburu agorrezin deskatalogatuta!
Ilun huts irten da dendatik.

HITZ BESTE
Agortuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu