Orain mende eta erdi doi asmatu zuen Urtxalle bertsolari oiartzuarrak Agur jaunak kantua. Pilota eta bertso giroan sortu zen, emakumeak sarbiderik ez zuen ingurumari batean, ez baldin bazen hamaiketakoa prantatzeko. Kantuak oso laster lortu zuen ofizialtasun halako bat, estreina 1918ko San Inaziotan, eta, urte berean, Oñatin izandako Euskal Kongresu entzutetsuan: kasu bietako argazkietan apaiz eta fraideenak dira ikusten diren gona guztiz gehienak.
Ordutik gaurdainoko ehuntsu urteetan ez dio euria egiteari utzi eta gertatu da aldaketa franko gurean ere, handia da emakumeek eta laikotasunak egindako bidea. Gogoetarako ematen du, ez soilik soziologikoki: emakumeak presentzia irabazten joan ahala joan da eliza galtzen berea. Eta ibilian ikasi duguna —jaunak eta andrak denok berdinak einak gara— Unibertsitateak natural-natural kantatu eta ofizialdu du, horretarako baitago, besteak beste: aldaketak egiaztatu eta sendotzeko.

HITZ BESTE
Agur t'erdi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu