Handik eta hemendik

Ahate herrena

Imanol murua
2011ko ekainaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ahateak ehizatzea libre zen garaikoa izango da esamoldea: ahate herrenak lanak ditu taldea jarraitzeko eta, bere bakardadean, ehiztarien mende dago erabat. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea bezala.

Agintari batek hurrengo legealdian aginteari ez diola eutsiko jakina denean, eta, batez ere, haren ordezkoa izendatua dagoenean, lame duck esaten diote Ameriketako Estatu Batuetan azkenetan dagoen agintari horri. AEBetako presidenteak ahate herren bihurtzen dira, erremediorik gabe, bigarren agintaldiaren bukaeran: legez ezin dutenez hirugarrenez aurkeztu, beren alderdikideak ere hautagai berria izan daitekeenari begira gehiago daude, azken kolpeak ematen ari den presidenteari begira baino. Ahate herrenaren garaia esaten zaio, hain zuzen ere, bigarren agintaldiko azken bi urteei. Lagun gutxi men egiten, eta ehiztari asko tiro egiteko prest.

AEBetan ez dute orain ahate herrenik, Barack Obama sasoitsu baitago, bigarren legealdirako lehiari begira jarrita. Espainian, aldiz, bai, eta nolakoa gainera. Zaila, ahate herrenaren adibide argiagorik topatzea: Rodriguez Zapaterok jakinarazia du ez dela gehiago aurkeztuko, bere ordezkoa aukeratua dago jada eta, herrena are herrenago egiteko, joan den maiatzaren 22ko hauteskundeetan porrot itzela izan du. Gutxitan izan du Moncloako Jauregiak hain maizter ahula. Pentsa: Patxi Lopez lehendakaria ere ausartu zen ahotsa altxatzen, bere kasa PSOEren biltzar berezia proposatzean Rodriguez Zapateroren lidergoa auzitan jarri zuenean, Carme Chaconen hautagaitzaren erretirada eragin eta Perez Rubalcabaren hautagaitzari bidea libre utzi zion mugimenduan.

AEBetako ahate herrenek ez duten aukera badu, ordea, Rodriguez Zapaterok: herioa laburragoa egin dezake, hauteskundeak aurreratzeko eskumena berea baita. Datorren urteko martxora itxoin beharrean, hauteskundeak datorren azarora aurreratzeko asmoa duela argitaratu dute aste honetan El Pais-ek eta El Mundo-k. Erabakia Rodriguez Zapaterorena da, zer esan handia izango du Perez Rubalcaba hautagaiak ere, baina bada besterik: EAJk, CiUk bezala, makuluak eman edo ken diezazkioke.

Zer komeni zaio Euskal Herriko bake eta normalizazio prozesuari? Jeltzaleek legealdi erdian Rodriguez Zapaterori arnasa ematea erabaki zutenean, arrazoietako bat horixe zela azaldu zuen Inigo Urkulluk: PSOEren agintaldia luzatzea onuragarria izango zen bakegintzaren arloan pausoak emateko. Adibidez: PSOE agintean ez balitz, Bilduk aurkezteko aukera izango ote zuen? Ezin jakin. Ez zaigu, baina, zentzu horretan beste galderarik bururatzen. Ezer gutxi gehiago aurreratu baita, Madrili dagokionaren ikuspegitik: Sortu, presoak, epaiketak... Komeni al da, zentzu horretan, Rodriguez Zapateroren agintaldi ahula luzatzea?

Ahate herrenaren ezaugarri bakarrak ez dira bakardadea eta ahultasuna. Askatasuna ere badu, ohi baino askatasun handiagoa. Hurrengo hauteskundeei begira garesti aterako litzaiokeelako bestela inolaz ere hartuko ez lituzkeen neurriak hartu ahal izatea da ahate herrenaren bereizgarri nagusietakoa. Beldur gutxi hauteskunde inkestei.

Bill Clintonek, agintea utzi bezperan, bigarren eta azken agintaldiko azken egunean alegia, 140 indultu izenpetu zituen. Polemika latza eragin zuen, epelak entzun behar izan zituen, baina ajola gutxi ordurako. Herren eginez joan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.