Anjel Lertxundi.
HITZ BESTE

Ahoan, ez hagoan

2014ko uztailaren 1a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Biziaren hari flakoak zauzka hagoan, irakurri nion Andre Baraziart uztariztar klasikoari. Hagoan egotea, hiztegiek hala diote, hiltzeko zorian egotea omen; hil edo biziko oreka zailean bizitzea. Uztaritzera joan zitzaidan gogoa: euskararen bizia hari sendoago batez lotzeko, Uztaritzeko Herri Kontseiluak euskara herriko hizkuntza ofizial izendatu du «frantsesaren hein berean».

Hartan eta halakoetan nenbilela joan zen igande arratsaldea plazerki entretenitzen, Jokin Oregi lagunaren mezua Lekeitiotik, hango esapide baten berri emanez: lekeitiarrek «amua ahoan du» esaten omen dute hil zorian dagoen jendearengatik. Bitxi da: hagoan eta ahoan hitzek hoskidetasuna dute antzeko, baina ez esanahia; bi lokuzioek, ordea, gauza bera adierazten dute.

Nolanahi ere, eta bitxiak bitxi: uztariztarrek aho-bizarrik gabe adierazi dute euskara ahoan nahi dutela, eta ez hagoan, are gutxiago amutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.