Ama izatearen bizipena, izatez, ederra eta zoragarria dela aitortzen zaigu emakumeoi, eta horrexek betetzen gaituela gu geu eta gure nortasuna. Alegia, ama izan ezean, emakumea ez da erabat emakume. Nonbait, ama-sena izan behar dugu, esentzian, andre izate hutsagatik. Amatasunaren ikusmoldea arras mitifikatu eta idealizatu da jendartean azkenaldi luze honetan, baita esentzializatu edo naturalizatu ere. Baina, mesedez, izan jakitun, dagoeneko, zapaltzailea ez ezik, erabat aspergarria dela gurasotasuna soilik gertaera biologikoa, amei baino ez dagokiena eta emakumeen lehen zorion-iturria delako ideia.
Amatasunak alde ezkorra ere badu, gatazkatsua behinik behin, gizarteak, oro har, azaldu ez diguna. Besteak beste, zenbait ikerketaren arabera, amatasunera iritsitakoan ikusten da argien emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna, bereziki bikotearen egunerokotasunean eta alderdirik barru-barrukoenetan; maiz, orduantxe jartzen da kolokan bikoteak aurretiaz adostutako berdintasun-ituna. Bestalde, ama ona delako irudiaren presioa dago, eta, horrekin batera, berorren portaera-kodeetatik aldentzen den ororen gaineko erruduntasun-sentimendua: bularra ematea erabaki dela edo biberoiaren alde jo dela; lanera joateari utzi zaiola edo lanari segituan ekin zaiola; bata ez bada, bestea da. Amak beti epaituak, eta, horrenbestez, amak beti marmarka. Badirudi denek dutela zer esana hazkuntzaren gainean, are sekula erdituko ez direnek ere.
Baina has gaitezen hasieratik. Ba al dakigu amatasuna zer den azaltzen? Galdetzea dago, lehenik eta behin, amatasuna bera zer den, berorren gainean eraiki diren baieztapen irmoak auzitan jartzea xede. Ba ote du esangura bakarra? Munduan zehar, denboran zehar, berdin bizi izan al dute emakumeek amatasuna? Nondik datorkigu egungo amatasun-eredua? Ama izaten ikasi egiten bada, zelan ikasten dugu ama izaten? Beraz, hortik tiraka, desikas edo deseraiki daiteke? Hartara, zelan berridatzi amatasuna? Eta gurasotasuna? Gogoan har ditzagun Simone de Beauvoir pentsalari feministak bere garaian esandakoa, alegia, «emakumea ez da jaiotzen, egin egiten da». Bada, amatasunaren harira, honelaxe moldatu genitzake haren hitzok: ama ez da jaiotzen, egin egiten da.
Beraz, deseraikitze eta berridazketa prozesu honetan, amatasun-eredu baten edo bestearen aldeko eztabaidatik haratago, honako hauxe da garrantzitsua: praktika edo ohitura horiek amarentzako zapaltzaileak diren edo ez jakitea. Edo, beste era batean esanda, amatasun-esperientziak zera behar du izan: askatzailea (ahal den heinean, behintzat). Horixe berori da gakoa.
Burutu dudan ikerketan aztertu bezala, kontzientzia eta jabekuntza feministak dira amatasuna modu honetan garatzen ahalbidetzen duten osagaiak, botere- eta genero-harremanen aurrean amatasun askatzaileago eta ez-behartzaileago baten aldeko giltza direlakoan. Azken finean, amatasun feminista dei diezaiokegun bizipen honek berdintasunean oinarritutako gurasotasun- eta hazkuntza-proiektu berri eta berritzaileetarako gakoa eskaintzen du, gurasotasuna beste ikuspegi batetik ulertzeko eta bizitzeko bidea erakusten. Are gehiago, esan dezakegu feminismoak ezinbesteko ekarpena aitortzen diola amatasunaren bizipenari: erabat aberasten du; lagundu egiten dio era askatzailean sortzen. Eta, honelaxe, feminismoa nahitaezko bihurtzen da amatasunean, gurasotasunean eta, oro har, hazkuntzan.
Amatasun feministaren bila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu