Urte sasoi honetan askotan galdetzen digute, oholtzan, urtean zehar izandako kontu garrantzitsuez, esanguratsuez, poz-iturri izan ditugunez edo tristura eragin digutenei buruz. Asti handirik ez dugu izaten pentsatzen jartzeko eta une horretan burura datorkiguna izaten da: «Joder! Zer gertatu da aurten? Zergatik ez dut neurez eta lehendik zerrenda moduko bat egin? Hain ezaxola ibili al naiz, urtearen errepaso mentala lan handi izateko?».
Aurten ETArena gertatu da eta tira, botelasterrera burura datorkizun gertaera horietako bat behintzat baduzu zeri heldua izateko. Krisia ez da aurtengoa baina«ikusgarri» bihurtzen ari da inguruan eta gai hori ere asko pentsatu gabe helduko zaizu garun-mintzera. Baina hortik aurrera… Bila hasi beharko duzu. Eta ez dut uste norbere ganora faltak soilik dakarrenik gertaerak handi-txikian edo pozgarri-tristean edo nahi duzuen parametroetan sailkatzeko ezintasuna. Uste dut notiziak jasotzeko eragin diguten moduak zerikusi handiagoa duela.
Irakurri berri dut telebista dela egiazko Kultur Sailburu gure mundu mendebaldeko honetan behintzat. Ez dakit zenbateraino den arrazoizko esaldia datozen belaunaldiei begira, baina orain arteko askorentzat ez da gezurra ere. Eta telebista-informatiboetan berriak emateko moduak badu gure buru-anabasarekin zerikusirik. Sekuentziala da telebista derrigor —bata bestearen atzetik dakartza berriak— eta berrien sekuentzia horiek antolatzeko erak gu ere propio nahasten gaituela esango nuke. Txiki eta handi, bertako eta urrutiko, eta batik bat, garrantzitsu eta hutsal oso hurrenkera bitxian iristen zaizkigu. Ostegunean egin nuen aproba. Eguerdian harrapatu nuen lehenbiziko kateko berrien hurrenkera honakoa izan zen: «Iñaki Urdangarin inputatu dute. Suminduek istiluak sortu zituzten bart Madrilen. Sevillan etxea kendu diote familia bati eta koltxoiak kalean jarri dituzte, lurrean. Trafiko istripu larria Valentzian. Real Madrilek entrenamenduei heldu die berriz, astebeteko atsedenaldiaren ondoren. Cristiano Ronaldo Dubain ibili da egunotan emakume politez inguratua. Kolore gorriak gero eta garrantzi sinboliko handiagoa hartu du Urtezahar gaueko janzkeran. Rubalcabak bere hautagaitza aurkeztu du Partidu Sozialistaren aurrean. Jose Bretoni hainbat gutun idatzi dizkiote Huelvatik behingoz haurrak non dauden esan dezan…».
Ohitu egin gara eta inor gutxik galdetuko dio bere buruari lapurreta, bizi ezin, heriotza eta goi mailako politikako sekuentzia horretan zer pintatzen duten futbol ligak eta liga gorriek. Hurrenkera hori erabaki duenak irizpide jakin batzuren ondorioz egin du hautua. Eta jakingo nuke gustura ze irizpide diren eta zenbateraino dauden taxutuak, manipulatua ez izateko nola manipulatzen den jakitea baino modu hoberik ez baita. Badakit egun xehe eskaintzea baino hobea dela mehe eskaintzea, bai telebistan eta baita gainerako medioetan ere. Ezagutzen dut gaurko gizartean funtzionaltasunak hartu duen indarra zenbatekoa den. Badakit «freskotasunaren» izenean zenbat arinkeria iristen zaizkigun begi-belarrietara. Baina zerbait gehiago badago hor —egon behar du—, nik osotasunean harrapatzen ez dudana. Hedabide bakoitzak duen ildo editoriala gutxi-gehiago ezagutzen dugu eta hortik iada zail da inor harrapatzen. Nahaste-borrastearen teknika hau maltzurragoa iruditzen zait.
Lagun artean idazten ari nintzenari buruzko solasaldia atera dudanean, segituan esan dit norbaitek hori lehen ez zela horrela izaten, azken urteetako kontua dela. Beste batek erantsi du telebista kate espainiar batean egin nuela osteguneko aproba eta ea ziur al nagoen gurean ere horrelakorik gertatzen ote den. Ez dakit ba, ETB bera ez zen izan errotik eta bat-batean berriak nahaste horretan aitzindari. Gogoan izango duzue bertsolarien zuzeneko emanaldi hura eten eta aitaren batean txori tropikalen dokumentala sartu zutenekoa… Hari gutxienez zentsura deitzen genion. Oraingo fenomeno hau ez dakigu nola izendatu ere.
Plazatik
Anabasa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu