Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Angrois, Blanco eta Pastor

2022ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Martxelo, Vicent, asteon berriro hizpide izan da 2013ko uztailean Angrois auzoan (Santiago de Compostela) gertatutako tren istripua. Deklarazioak izan dira ezbeharrari buruzko auzi judizialean: batetik, treneko ikuskatzaileak deklaratu du, zeinak makinistari deitu zion telefonoz; bestetik, biktimei lagundu zieten poliziek ere deklaratu dute; makinista buruak ere bai, zeinak bi urte lehenago bere nagusiei ohartarazi zien arriskutsua zela Alvia trena bidetik atera zen bihurgune hori; eta, azkenik, Santiago de Compostelako geltokiko zirkulazio buruak egin du deklarazioa, zeinak lehendik ere ohartarazi zuen arazo bat zegoela tarte horretako ibilbidean.

Laurogei lagun hil ziren istripuan. Biktimen eta haien familien elkartearen ustez, Elena Fernandez Curras epailearen sententziak ez du justizia ekarriko; izan ere, epailea Marta Fernandez Currasen ahizpa da: hura Feijooren gobernuetako batean Ogasuneko kontseilari izan zen, eta Aurrekontuen Estatu idazkaria. Biktimen talde horrexek salatu zuen Bruselan, Ana Miranda BNGko egungo europarlamentariaren bidez, gertatutako guztia, eta borroka horri esker lortu zuen orduko Adif enpresako Segurtasun buru Andres Cortabitarte ere akusatuen bankuan esertzea, makinistaz gain. Bruselak 2016ko uztailean egindako txostenak baliogabetu egin zuen Espainiako Estatuko Tren Istripuen Ikerketa Batzordeak egindako ikerketa, argudiaturik ez zela independentea izan.

PSOE eta PP istripua eztabaida politikotik ateratzen saiatu izan dira beti, Jose Blanco eta Ana Pastor ministro ohiak inplikatuta baitzeuden: Blancok diseinatu eta inauguratu zuen linea hori; Pastorrek, trena martxan jartzeaz gain, baimena eman zuen ERTMS segurtasun sistema deskonektatzeko, eta, txostenen arabera, segurtasun sistema hori lagungarria izango zen istripurik ez gertatzeko. Bide batez esanda: azken asteetan jakin da Pastorrek gutun batean eskaera egin ziola Violeta Bulc Europako Batasuneko Garraio komisarioari ez zezaten argitara eman Espainiaren ikerketaren aurkako txostena.

Argi dago tarte horretan seinalatutako abiadura halako bi hartua zuela makinistaktrena orduko 191 kilometroko abiaduran zihoala irten zen bidetik. Ikuskatzaileak egindako dei baten ondorioz despistatu zen makinista, Pontedeumen sartzeko informazioa emateko deitu baitzion, herri horretan jaistekoa baitzen familia bat. Baina, ikusita nolako akats larriak zituen lineak segurtasunean eta diseinuan, eta jakinda Pastorrek presioa egin zuela Europako txostena argitaratu ez zedin, harritzekoa da Sustapen ministro ohietako inork ere ez deklaratu behar izatea auzi judizialean. Ez al ziren horiexek izan erabakien erantzule nagusiak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.