Aspaldiko kontua da. Duela berrogei urte inguru Aizarnako bi gaztetxo Arantzazura joan ziren lehenik. Handik Urbiara jo zuten. Gipuzkoako mendirik altuenera igotzea zuten helburu. Urbiako fondaren parean Aizkorri mendikateari begira geratu zirela daukat aditzera. Sei, zazpi, zortzi tontor ikus zitzaketen handik. Ez dakit beste mendizalerik ez zen inguruetan edo galdezka hasteko ere lotsatiegiak ziren bi mutikoak, baina euren kabuz erabaki zuten zein zen tontorrik altuena. Urbiako fonda ingurutik Arbelaitz da handien eta garaien sumatzen dena. Hurbilen dagoelako, noski. Aketegi, zinez altuena, urrutira ikusten da, eta beraz txikiago. Bi aizarnarrak Arbelaitzera igo ziren eta fondara eta Arantzazura itzuli gero, harro, herrialdeko eta artean ez zen erkidego bateko gailurretan gailurra hankapean hartu zutelakoan. Ez dakit nork eta noiz eman zien euren okerraren berri. Perspektiba deritzan zerbait badela badakite behintzat ordudanik.
Perspektiba da, hain zuzen ere, egungo egoera politikoari begiratzeko behar dena. Esaterako, aldian aldiko hauteskunde emaitzei ze begirada eskaini eta zenbateko garrantzia eman ez da kontu hutsala. Ez dakit errealitatea denbora gutxian aldatzen den, baina analisiak epe laburrean aldatu beharraz ez daukat dudarik. Joseba Azkarraga Etxagibelek 2009. urtean argitaratu zuen Berandu baino lehen liburua. Bikaina nire ustez, bigarrenez irakur daitekeen horietakoa. Bertako artikulu batean, subiranismoaz eta oinarrigintzaz ari dela, honakoak azaltzen ditu: «2008ko hauteskunde estatalek sustoa eman zion sektore subiranistari. Berria den zerbait gertatu baitzen: bozen labaintzea (euskal) subiranismotik (espainiar) konstituzionalismora. Eta gertakari horrek txikitasunaren nolabaiteko kontzientzia berpiztu zuen subiranistengan. Lehenengoz, 2008ko Espainiako hauteskundeetan abertzaleak gutxiengo izatera pasatu ziren Euskal Herri penintsular osoan; Hegoaldeko lau probintzietan, alegia.»
ANVk, legez kanpo egonik ere, eutsi ziola bere ohiko pisu espezifikoari (180.000 abstentzionista inguru) esan ostean, hauteskunde emaitzen datuetan oinarritzen du Josebak bere esana eta honela jarraitzen: «PSOE-PP multzoak —nagusiki PSEk— boto zaparrada eskuratu zuen 2008an. Soilik koiunturari begiratuta azal daitekeen fenomenoa? Bistakoa da koiuntura arrazoiak izan zirela. Egon ziren hauteskunde hauek berezi egin zituzten hainbat saihets:a) Hauteskunde estatalak ziren eta Alderdi Popularrari bidea moztu behar zitzaion.b) Ikuskizun mediatiko bihurturiko politika eginez bipartidismoa sustatu zen nabarmen.c) Alderdi Sozialistari elkarrizketek eman zioten halako jite sinpatikoa —zeresanik ez PPren ultranazionalismoarekin alderatuta—. d) Gobernu sozialistak, gainera, zenbait arlotan pauso ausartak eman zituen, tartean sinbolismo handiko arloetan —gay eta lesbianen ezkontza eta adopziorako eskubidea, dependentzia legea…—. e) ETAk Arrasaten hil zuen Carrasco sozialista zinegotzi ohia, eta elkartasun sentimenduak errazago aktibatzen dira halako episodio traumatikoen aurrean. f) Azkenik, last but not least: abertzaleen eskaintza politiko zatikatu negargarriak ez lioke libidorik piztuko ezta behartsuenari ere».
Eta kezka eta ardura sumatzen zitzaizkion ondorioetan: «Koiuntura arrazoiek, baina, nago ez dutela erabat esplikatzen 2008ko labaintzearen erraza (nolakotasuna) eta masibotasuna (kantitatea)».
Azken hauteskunde estatalen emaitzek duela hiru urteko analisiak berbideratzera bultzatzen gaituztela esango nuke. Labaintzea, euskal subiranisten alderakoa gertatu da oraingoan. Josebak a, b eta d izendaturiko faktoreek berean zirauten. Beste faktore batzuk aldatu egin direla begi bistakoa da: krisialdi gogorrak harrapatu du Zapatero; e faktorerik ez gertatzeak indartu egin du subiranismoa; ezker abertzalea legezkoa izan da aspaldiko partez eta asmatu du f faktoreari dagokionez, batuz libidoa pizten, alegia; eta batik bat, sozialistek ez dute jakin c faktoreari behar adinako garrantzirik ematen. Loiolakoaren ondoren halako jite sinpatikoa bazuten, urriaren 20koaren ondoren are sinpatikoagoa behar zuketen baina ez dute nahi izan. Beldurtu egin dira eta kaka egin dute.
Rubalcabak baino hobeto ezagutzen duela berak Euskal Herria entzun berri diot Jesus Egigureni. Ez daukat zalantza izpirik. Urbia eta Arbelaitz behintzat bai. Eta esango nuke perspektibaren kontzeptua ere hobea duela. Gaztetxotan noizbait hanka sartu izanak gerora asko laguntzen du.
Plazatik
Arbelaitz eta Aketegi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu