Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Argi ibili enpatiarekin

2023ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Berriz zentauro Katixa Agirreren eleberritik ateratako fikziozko istorioa dirudi, baina benetakoa da. Espainiako unibertsitate batek «enpatia-jantzia» izeneko asmakuntza garatu du, adin guztietako jendeari beren larruan zahartzaroaren gaitzak sentitzeko aukera eskaintzeko: jantziaren betaurrekoek ikusmen arazoak imitatzen dituzte; txalekoak bizkarreko mina simulatzen du; eskularruek, parkinsonaren ondorioak; etab. «Oso garrantzitsua da norbanakoei duintasuna mantentzen laguntzea [...] eta horretarako haien larruan jartzeak garrantzia handia dauka».

Ados nago, eta ez litzateke ideia zoroa ildo bereko proiektu gehiago proposatzea. Adibidez, errealitate birtuala eta atrakzio-parkeetako teknologia erabiliz, erraz imita litezke itsasontzi bateko kulunka, hezetasuna, zarata. Gela estuegi batean 700 bat lagun pilatu eta Mediterraneoan jitoan dagoen ontzi baten esperientzia osoa simulatu liteke, bukaerako naufragioa barne, ekainean, Titanic-eko urpekaria topatzeko eginahal guztiak egiten ziren bitartean, Greziatik hurbil guztion begien parean hondoratu zen migratzaileen ontzi haren gisan —baina, lasai, gurean ez litzateke inor hilko—. Beste gela batean lehortasuna, muturreko tenperaturak, eta gimnasioetan ibiltzeko uhalak baliatuz Libia eta Tunisiako basamortuetan galduta ibiltzearen esperientzia eskaini liteke, uztailean grabatutako bideo gordin haietan ikus zitekeen bezala. Bibby Stockholm Britaniar gobernuak abuztuan pertsona errefuxiatu eta migratzaileentzat prestatutako kartzela-ontzi hura erreproduzitzea ere erraza da, baina osasun arriskuak jaitsi beharko lirateke, jakina; benetako ontzian lau egun baizik ez dira igaro bertan izurri larri bat sortu arte, hainbat adituk behin eta berriro iragarri zuten bezalaxe.

Nago «enpatia-esperientzia» horiek jai luketela gobernuen diru-laguntzak topatzeko, zahartzaroaren jantziarenak ez bezala. Inbertitu ere, gobernuek kontrako noranzkoan erruz inbertitzen dute, deshumanizazioaren aldera, alegia. Batzuetan, gehiegizko enpatia edukitzea ere arriskutsua izan daiteke. Batez ere zeure begien parean norbait paperik gabeko pertsona arrazializatu bati, geure gizarteko kide zaurgarrienetariko bati, kale erdian eraso egiten ikusten baduzu hura lan egiten saiatzen ari den bitartean. Ez egin kasu senari, ez lagundu, poliziaren salaketa faltsu bat jaso zenezake, eta gainera Bilboko alkateak zu publikoki gaitzesteko txioka lezake. Argi ibili enpatiarekin.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.