Gipuzkoako alkartetxe batean gertatu zen, Eusko Alkartasuna alderdia sortu berritan. Hileroko batzar baten bukaeran, EAJtik ez zetorren militante berri batek eskua altxatu eta proposamen bitxi bat luzatu zuen: hemendik aurrera bilera guztietan jar dezagun gai-zerrendako lehen puntu gisa Xabier Arzalluz larrutzea, azkoitiarraz maiseatzea. Hori bai, hamar minutu gehienez. Hortik aurrera, has gaitezen geure kontuekin. Izan ere, gizon hark ondo ulertzen zuen alderdi zaharra utzia zuten militanteen haserrea, amorrua eta egonezina, baina gehiegizkoa iruditzen zitzaion —eta alderdi berriarentzat kaltegarria— arrangura amaiezin hura.
Urte batzuk beranduago, 2021eko Argentinan, fenomeno bitxi bat gertatu zen, agian irakasle batzuk honezkero unibertsitate batzuetan azaltzen ariko direna. Bi urte inguru zeramatzan kirchnerismoak berriro boterean, Alberto Fernandezen eskutik. Honen eta bere gobernuaren onartze-maila publikoa oso goian egon ondoren, beheraka zetorren azkar, besteak beste ustelkeria eta nepotismo kasuak tarteko. Mauricio Macri presidente ohiaren komodina ateratzea pentsatu zuten orduan Cristina Fernandez Kirchnerren aholkulariek, eta etengabe haren izena haizeratzen hasi, oposiziotik kritika bat luzatzen zuten bakoitzean. Macri madarikatua izango zen aldi berean euren jomuga eta ezkutu salbatzailea.
Ez zuten neurrian asmatu, ordea, eta enpatxua sumatzen hasi zen jende asko. Adibidez, Axel Kicillof Buenos Aireseko gobernadoreak hemeretzi aldiz aipatu zuen elkarrizketa labur batean Macri. Kontua ez zen esandakoetan arrazoirik zuten edo ez; baina gobernua defendatzeko hori baino gehiago behar zen, ez lelo nekagarri hura. Estrategiari behin betiko eztenkada Martin Tetaz kongresurako hautagai makristak eman zion 2021eko telebista debate batean kamiseta bat jantzi zuenean, bularrean testu honekin: Ah, pero Macri… Jokoz kanpo geratu zen Carlos Heller kirchnerista eta handik aurrera oso ospetsuak egin ziren hitz haiek, eta sare sozialetan meme pila baten iturri. Presidente ohia kritikatzeko erabiltzen hasi zen formula hura, kritikoez trufatzeko formula bihurtu zen supituan arrakasta handiz. Bumerana.
Iruditzen zait ez dela oso ezberdina Espainiako ezkerra Isabel Diaz Ayusorekin egiten ari den saiakera nekakorra. Eta antzua, bistan denez. Politikan ere ohikoa da —politikan ere bai— etsai bat aukeratu, ahalik eta gorrotagarriena, eta etengabe bere kontra egitea horrela norberaren bekatuak eta gabeziak disimulatu eta fokutik ateratzeko. Jokamolde horrekin lortuko da agian barne kohesioa norberaren etxean, baina horrek ez du esan nahi arerioarenean higadurarik erdietsiko denik. Kontrakoa ere bai sarri, bistan denez. Obsesiboki ari da sanchismo politiko eta mediatikoa Ayusoren kontra, estrategia hori pagotxa izan daitekeelakoan, baina ez da hori gertatzen ari. Eta aldatu beharrean daude.
Jakina, ez du horrek esan nahi Madrileko presidentearen kontrako jarrera bigundu behar dutenik, hura eta haren alderdia oposiziora bidaltzeko ahaleginean etsi, eta haren zein ingurukoen ustezko ustelkeriak salatu eta ikertzeko borrokan jarraitzeari utzi. Baina moduak, neurriak, denborak hobeto neurtu beharko lituzkete jendea ez badute (gehiago) gogaitu nahi Ayuso gora eta Ayuso behera. Inpotentziaren seinale ere bada horrela jardutea. Adibide bat jartzearren, COVIDaren bosgarren urteurrenean Madrileko erresidentzietan hildako 7.291 pertsonek (eman dezagun ontzat zenbakia) ezkerreko hedabideetan izan zuten protagonismo ia esklusiboa gehiegikeria handi bat izan zen, Espainiako telebista publikoko bi katek batera emandako dokumental bat tarteko. Bazirudien gainerako erkidegoetan ez zela hildakorik izan, ez zela arazorik egon. Eta zenbait buruzagi sozialista ez zirela usteldu (eta aberastu) musukoen kontuarekin. Baiki, PPko aholkularia banintz, aspaldi nuen martxan jarria A, baina Ayuso… kamiseta. Espainolez, jakina. Nire —eta euren— zorionerako, ez da hori nire tokia.