Juan Kruz Lakasta
ARKUPEAN

Abolizioaren alde eta kontra

2018ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Udaberriarekin batera, bitxiloreak belardietan nola loratzen ari dira Vianako Printzea sarirako hautagaiak foru bazterrotan: Fermin Balentzia musikaria, Goio Monreal historialaria...

Hedoi Etxartek berripaper honetan berean idatzia du printze baten izena daraman saria abolitu beharko genukeela. Eta txiokatua du hautagaitzaren baten gibelean ezkerrak bere burua (bere sokako artisten bidez) saritzeko nahia dakusala, eta, bidenabar, baita artearen autonomiarekiko errespetu falta eta diskurtsorik eza ere. Dadost.

Haatik, Sagrario Aleman ere Vianako Printzea sarirako proposatu dutenetik (eta horren karietara haren biografia errepasatu dudanetik), sari hori abolitzea bezain urgentziazkoa begitantzen zait Maravillas saria, Nabarreria saria, edo erromeria bat antolatzea haren ekarpena eskertzeko.

Sagrario Arturo Kanpion euskaltegiko zuzendaria izan da 1982. urtetik eta iaz erretiroa hartu zuen arte. Erraz esaten da, nekez egiten. Besteak beste, aintzat hartuz Sagrarioren adinarekin, ikasketaduna izanda (bera Farmazian lizentziatua da), gure bazterrotan aski erraza izan dela hilero bi mila eurotik goiti patrikaratzea (edo garaian garaiko soldata baliokidea pezetatan).

Barkatuko ahal didate Sagrarioren kintoek gauzak hain gordinki adieraztea: Franco hil ondoko urteetan, administrazioko hainbat egitura ezerezetik altxatu zituztelarik, oposizioetan merke banatzen zituzten euskaltegi, ikastetxe, unibertsitate zein hedabide publikoetako funtzionario plazak, garaiotako ikasketadun orain baino askoz urriagoen artean. Unibertsitatean zerbaitegatik deitzen diete adin horietako irakasleei tapoi belaunaldia.

Haatik, diruaren hotsari entzungor, Sagrariok herri ekimeneko euskaltegien sektore guztiz prekarioan lan egitea erabaki zuen, hautu kontziente eta militantea egin zuen, eta, urteak joan urteak etorri Nafarroan sektoreko langileen baldintzak are gehiago okertu arren,eutsi egin zion, tapoirik sortu gabe.

Euskaltegiko haren lankide Nekane Otamendik dio inurri nekaezina izan dela, beti lanean, beti lankide. Duela 30 Sagrarioren ikasle izandako Patxi Larrionek, Sagrariok humus bat sortu duela haren inguruan, euskalkulturarekin loturiko hainbat ekimenentzako mintegia.

Kontua ez da (bakarrik) non izan den, baizik eta nola izan den. Duela 50 urte euskara batua, ikastolak eta euskaltegiak sortu zituen belaunaldi horretako kidea izanda, jakin du atzetik zetozenei bidea zabaltzen, lidergo pertsonala taldearen zerbitzura jartzen, asertiboa izaten abrasiboa izan gabe.

Sagrariok Zaldiko Maldiko elkartearen sorreran esku hartu zuen, Euskalerria Irratiaren hastapenetan, Nafarroako Egunkaria Sortzen taldean, Karrikiri elkartearen abiatzean...

2007an euskaltzain oso izendatu zutelarik, baten batek esan zuen Sagrariorekin herri ekimeneko euskalgintza sartzen zela Euskaltzaindian. Eta hala izan da. Ez nik diodalako baizik eta ordutik hona argiki nabaritu delako Jagon Sailaren jardueran.

Sagrario omentzea (sari baten edo erromeria baten bitartez) euskararen normalizaziorantz alimaleko lana egin duen belaunaldi oso bat omentzea da, edo, zehatzago adierazita, belaunaldi horren ordezkaririk onen(etako)a.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.