Maitena Salinas Beiztegi.
ARKUPEAN

Ahanzturaren artehunak

2022ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Gogoan dut, txikia nintzela, nola nire amonak esaten zidan: «Behin mundu honetatik joaten naizenean nitaz gogoratu zaitez, horrela ez naiz inoiz hilko eta». Esaldi bortitza baina ez arrazoirik gabea, ahanztura baita benetako heriotza.

Azken aste honetan Giza Eskubideen Zinemaldian izan naiz. Ez nahiko nukeen bezainbeste, han igaroko bainituzkeen orduak eta arratsaldeak aztoratuta dagoen mundu honi gizatasunez beteriko izenak eta aurpegiak jartzeko, beste mundu bat posible denari eusteko, neure burua esperantzara kondenatzeko, Gari abeslariak zioen moduan. Baina lana dela medio eta aisialdi tarte bat hartuz, bi film ikusteko aukera izan dut. Biak memoria hitzaren lehen letrarekin hasten direnak: Matrioskas eta Matxitxako. Biak atzerako begiratu bat bota eta frankismoaren hastapenetara eraman gaituztenak. Biak Guda Zibilaren testuinguruan emandako gertakariez dihardutenak.

Urrun entzun daitezke 1937ko Matxitxakoko gudaren kanoikadak, baina erreberberazioak gure egunerokotara iritsi dira, isilago, ozenago, baina gure azalean diraute edonola, itsasoko uraren gatzak odolarekin bat egin zuenekoak. Militarki indartsuagoak ziren frankistak garaile atera ziren bai, baina lau bouetan zeuden errepublikanoen bandokoek aurre egin zieten, euren bizimodua eta bakea babesteko ahaleginean. Beste garai batzuk zirela esaten duenak ez ditu egungo berriak ikusten akaso. Zenbat paralelismo Ukrainarekin, Zelenskik berak ere Gernika ekarri zuen gogora duela gutxi diputatuen kongresuan, Matxitxakoko guda eta sei astera bonbardatua, suntsitua eta zapaldua izan zena. Ze urrun eta ze gertu. Ze arrotza eta ze ezaguterraza era berean.

Matrioskas filmeko gerrako umeak, bestetik, lau emakume protagonistak, Sobietar Batasunera bidali zituzten bizirauteko aukera bat izan zezaten, eta hori bakarrik ez, Espainiar Estatuan orduan edukiko ez zituzten aukerak ere zabaldu zitzaizkien, baina ez zen bidesari gabeko bidaia izan, jakina, gerrek ez dakarte ezer onik eta. Emakumeen memoria ze gutxi landua izan den orokorrean, eta ze isilarazia egon den guda eta guda arteko garaietan ere. Epikotasuna gizonei utzi zaie, eta bizitzaren zaintza eta bestelako babesa beste maila baxuago batean kokatu dira. Baina ordukoen ahotsak itzaltzen doaz gutxika-gutxika, eta batzuk, zorionez, jasoak izan dira denontzat betiko geratuko den ondare materiagabe eta material gisa.

Aurtengo Giza Eskubideen Zinemaldiko afixaren protagonista Nilofar Bayat aktibista eta saskibaloi jokalari afganiarra da. Neskatila izanik, talibanen miliziak jaurtitako obus batek, etxera sartu, eta bere anaia hil zuen, bera, ikusezina den minaz aparte, mugikortasun arazo larriekin utzita. Erresilientzia gorpuzten du, eta egun Bilbon bizi da, baina Matrioskas filmean azaltzen diren emakumeekin badu alde handia. Errefuxiatua izatea oraindik oztopoz beteriko bidea baita, lan eta bizimodu duin bat eraman nahi denean.

Honegatik guztiagatik eta gehiago, gure pausoen aztarna desagertu baino lehen memoria kolektiboaren osatzea beharrezkoa zaigu, ahanzturaren artehunetan erraz irristatzen diren arrazoiak eta esperientziak ezkutatu baino lehen. Ezin gara gure historiatik erbesteratu. Ezin diegu datozenei eskubidez dagokiena kendu. Nondik datozen ulertzeko mapa ukatu. Eta hau guztia norbanako bakoitzari ere badagokigu, era batean edo bestean, pedagogia egitea. Pasatu zenaren inguruan solastatzea, detaile txikiena ere puzzlea osatzeko giltzarria izan daitekeelako, indarkeriaren espirala eteteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.