Hemen naukazue, herritar askoren antzean telebista aurrean zenbakien zain. Beti bezala, aurreikusitakoari ez diot jaramon handirik egin eta beste zeregin batzuetan murgildu naiz telebistako doinua kenduta. Bederatziak eta laurden pasatuta, lehenengo benetako zenbakiak ezagutzearekin batera,konprobatu ahal izan dut, beste hainbatetan bezala, usteak erdi ustelak direla. Posible da, halere, hau idazten dudan bitartean esandakoa jan behar izatea, baina momentuz sorpasoak paso eman dio sorpresari. Datorrena datorrela ere, esan behar dut lasaitasunez pasatu dudala eguna, parte hartuz eta parte izaten; jakinda, baina, kontaketaren termometroa mugitzen hasten den momentuan urduritasunak hartuko nauela, eta lehenbailehen buka dadin desioarekin batera, azken momentuko ezusteko pozgarriren bat suertatuko den itxaropena galdu barik.
Egia esan, nire interesik handiena gure herriko datuetan dago, eta erakusten didatena da, barduliar, karistiar eta autrigoiek tinko dirautela gure artean. Milaka urte eta baskoien konkista gorabehera, oraindik ere, herrialde bakoitza, mundu bat. Sentsazioa, aldiz, birkonkista bat gertatzen ari dela, eta Zeltiberiako herrialdeek lortu ez zutena espainiar tribuek lortuko ez ote duten beldur naiz. Eskerrak oraindik «kastro» batzuk zutik dauzkaguna, eskerrak oraindikgure ahotsa entzuteko modua egongo delako esperantza ez dagoela erabat galduta. Emaitzen arabera, EAJk hor jarraitzen du, nahiz eta kongresurako ordezkari bat galdu, inoiz baino egonkorragoa, herritarren babes ukaezina hartu duelarik. EH Bilduk, aldiz, ez ditu bere helburuak bete, eta ordezkaritza mantendu arren, hasiera batean zegoen aireratuko zen ilusioa ezabatzeaz gain, herritarren babesa ere, dezente murriztu zaio. Abertzaleak ez diren beste indarrak, aldiz, Euskadin ere badirela eta geratzeko asmotan daudela erakutsi digute; Ahal Dugu-koek, lehen indarra bihurturik, herritarren konfiantza edota bozka zabala lortu dute. PSOEkoak ere, porrotari iseka eginez, hirugarren indar legez agertzen zaizkigu, eta PPk, lehengo lepotik burua. Beraz,Euskadiko argazkiak ez badigu ere abendukoarekin alde handia erakusten, hurrengo lasterketarako kontuak ateratzen joateko abisua behintzat emanda dago. Tentuz hartu beharko ditugu emaitza hauek, eta argi eduki zer eta zertarako bozkatzen dugun. Historian zehar, adibide askok erakutsi diguteitsaslaminen kantuekin zuhurrak izan behar dugula; zeren ez baita gauza bera esan ala izan, ezta esateko edo izateko eskubidearen konpromisoa ere; ahaztu barikgaldetzearen benetako garrantzia erantzunean datzala.
Hori dena buruan, telebistan eguneko protagonisten aurpegiak agertuz doazen bitartean. Oraingoan argi dago denek ez dutela irabazi. Ikusten diren aurpegi triste eta alaiak ondo ezberdin daitezke; aurpegiak eta batzuek eta besteek bota dituzten perlak. Iglesiasek, esate baterako, galdu egin dutela dio, eta eurekin batera Espainia izan dela galtzailerik handiena. «Hara hemen anaia nagusia!» pentsatu dut; zelan izan daiteke hain harroputza! Galde diezaiela Rajoyren Espainiari eta daukan «koletagain» ederrean iltzatu dion urrezko peinetari! Ze pozik Mariano! Zela gure ez duenari, eman bekio albarda! Bitartean, PSOEko Sanchezi arnasestua sumatzen zaio: «Puf! bizirik atera naiz behintzat!» irakur dakioke. Halere, kostako zaio indarrak berritzea; inoiz baino okerrago eta bere feudoak galduta, estatuari erantzuteko estrategiak eratu beharko ditu; baita etxe barrukoak ere, malda larriagotzea nahi ez badu behintzat. Rivera ederra, negartsu, eskainita, denetarako prest; beti bezala; bejondeiola!
Beno, nahikoa. Marmotaren eguna ikusita eta seguru nagoenez bihar ez dudala ajerik izango, ezer berririk balego, egun argiari enkargatuko diot. Halere, bakoitzaren interesak eta «brexitaren itzala» lagun, lasterketari ibilbide luzea iragartzen diot. Horregatik, hobeindarberritzeari ekiten badiogu; lasaitasuna, mendia edo itsasoa lagunartean disfrutatzea opa dizuet; eta ia oporrak pasatuta, fresko-fresko, utzitako gogoetari barik datorkigunari heltzeko aukera ematen diguten.

ARKUPEAN
Ajerik batere ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu